Eskuterren topaketa egin dute bosgarren aldiz Arrasaten

Oihana Elorza Gorostiza 2015ko uzt. 4a, 13:04
11:00etan hasi dira elkartzen eskuterrak Arrasateko herriko plazan

Donostiatik, Iruñeatik, Gasteizetik, Arrasatetik bertatik eta Aretxabaletatik etorritako hainbat eskuter klasiko elkartu dira eguerdian Arrasateko herriko plazan. Bosgarren urtez antolatu du topaketa hau Mondraueko Dragoiak Scooter taldeak. Bata bestearen motorra ikusten eta aztertzen aritu dira eskuterren jabeak plazan, eta Arlabanerako bidea hartu dute gero.

Arlabandik pantanora eta handik Aramaioko bidea hartzea zen plana, hango elkarte batean edalontziak eskuan hartu eta topa egiteko. "Jaiak dira Aramaion eta hango lagun batek proposatu zigun bere soziedadean egitea geldiunea. Handik Arrasatera etorriko gara berriz, elkarrekin bazkaltzeko", kontatu du goizean Mondrally Eguna antolatzen ibili den Jon Alkortak.

Arrasaten elkartu diren eskuterren jabe gehienak ezagunak dira lehendik ere, aurreko urteetan ere etorri izan direlako. "Gehienak ezagunak dira, bai, baina hainbat motor ezberdinak dira. Iruñeako mutil batek, esaterako, sidekarra ekarri zuen motorrari lotuta; gaur, ordea, tandem moduko bat ekarri du, Vesparen motorra duena", dio Alkortak.

Bazkal ostean sariak ere banatuko dituzte, esaterako, Arrasatetik urrunen dagoen tokitik etorri den eskuterrari, motor politenari eta baita motor eskasenari ere. "Sekulako barreak egiten ditugu", adierazi du Alkortak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak