Maria Ubarretxena: "Arrasate pasealekua irailean ireki ahalko dela espero dugu"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko uzt. 4a, 09:00

Maria Ubarretxenak "urruti" ikusten du alkate izendatu zuteneko inbestidura saioa. Udal Gobernua osatzeko EH Bildu eta Irabazi koalizioen ezezkoa jaso ostean, PSE-EEren eta Baleikeren ateak zabalik daude oraindik. Aurreratu duenez, Arrasate pasealekuko bide bat "ahalik eta azkarren" irekiko dute: "Hirigintzako teknikariek esan digutena da opor ostean, irailean, aukera egongo dela. Hori espero dugu, esandakoa betetzeko. Udalean sartu ginen lehen egunean heldu genion gai horri".

"Urruti" ikusten du Maria Ubarretxenak alkate izendatu zuteneko inbestidura saioa: "Denbora asko pasa dela iruditzen zait, jo eta su lanean ari garelako izango da", dio. Udal Gobernua osatzeko EH Bildu eta Irabazi koalizioen ezezkoa jaso ostean, PSE-EEren eta Baleikeren ateak zabalik daude oraindik: "Negoziatzen dihardugu eta horren araberakoa izango da gero batzordeen antolaketa. Errepestuagatik ez dugu ezer aurreratu nahi; akordioa dagoenean edo ez badago, jakinaraziko zaizue". Legeak uztailaren 18ra arteko tartea uzten du gobernua eta batzordeak osatzeko: "Behin baino gehiagotan esan dugu horretarako ez dugula prisarik. Edozelan ere, gu lehen egunetik gaude lanean; plan estrategikoa amaitzen ari gara". 

Batzordeak eratzeko lehen osoko bilkura hileko hirugarren astean aurreikusten du Ubarretxenak. Hala ere, haren asmoa da enplegua alkatetzatik zuzenean eramatea: "Negoziaketen arabera ikusiko da, baina enpleguaren eta ekonomiaren sustapena ardatza da guretako eta horregatik pentsatzen dugu alkatetzatik jorratu beharreko esparrua dela".    

Pasealekuko bide bat irekitzea 

Azken agintaldiko proiektu polemikoenetakoa izan da Arrasate pasealekuarena. EAJren asmoa  da "ahalik eta azkarren" errei bat irekitzea: "Hirigintzako teknikariekin egon gara jakiteko noiz egon daitekeen aukera bide bat irekitzeko. Momentuz esan digutena da opor ostean, irailean, aukera egongo dela. Hori espero dugu, esandakoa betetzeko. Udalean sartu ginen lehen egunean heldu genion gai horri". Bestalde, organikoaren eta errefusaren edukiontziak zabaltzerakoan itxi gabe mantentzeko sistema berria "erosoagoa" dela dio alkateak eta emaitzei jarraipen zehatza egingo dietela gaineratu du: "Beti egongo da zer hobetu, baina sinistuta gaude %70eko tasaren helburua betetzen jarraituko dugula; oraingoz arrasatearrak ondo dabiltza lanean. Ikusiko bagenu portzentajeak behera doazela neurriak hartuko ditugu, baina ez dugu atez ateko sistema jartzea aurreikusten", adierazi du.   

Azoka Plazarako beste leku bat

Azken agintaldian zeresana eman zuen beste inbertsio bat Azoka Plazarena izan zen. EAJ prozesu parte-hartzailearen hasieran egon zen baina gero uztea erabaki zuten, azokaren lekuarekin ados ez zeudelako: "Lur azpian dago eta beraz, azokara propio joan behar zara. Ez da leku erakargarria. Azoka Plazarena izango da gure beste proiektu estrategiko bat; beste herri batzuetan arrakastatsuak diren azoka ereduak aztertuko ditugu Arrasaterako egokiak izan ahal diren ikusteko". 

Era berean, herritarren parte hartzerako ordenantza bat eratu gura dute talde politiko guztien artean: "Badakigu herritarrek modu anonimo baten parte hartu gura dutela. Hortaz, dinamizatzaile objektibo bat beharko dugula uste dugu, prozesu guztia bideratuko duena". Ubarretxenak gaineratu duenez, alkatetzako ateak "erabat zabalik" daude herritar guztiendako.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak