Malen Ruiz de Azua, Iñigo Uribarren eta Maialen Axpe, Europara begira

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko uzt. 3a, 09:42
Axpe, Ruiz de Azua eta Uribarren, Jonathan Perezekin.

Arrasateko atletismoak loraldia bizi du, bereziki pertika eta hiruko jauzian. Joan den aste bukaeran Tarragonan jokatu zen Espainiako txapelketan Malen Ruiz de Azuak, Maialen Axpek eta Iñigo Uribarrenek lorpen handiak egin zituzten; besteak beste, uztailaren 9tik 12ra Tallinen (Estonia) jokatuko den Europako txapelketarako txartela lortu zuten. 

Promesen mailan, Ruiz de Azuak urrezko domina lortu zuen 4,10 metroko pertika jauzia eginda: "Txapelketetan lehen postuan ezin denez berdinketarik egon [gainerako postuetan bai] birritan egin behar izan zuen 4,10 metroko jauzia, Kataluniako atleta batek marka bera egin zuen-eta. Bigarrenean Malenek ere egin zuen eta kataluniarrak ez", adierazi du haren entrenatzaile Jonathan Perezek. 

Axpe eta Uribarren

Maialen Axpek brontzea lortu zuen lau metroko markarekin: "4,10 egiten saiatu zen baina ez zuen lortu. Zoriondu beharra dago, Europako txapelketarako marka lortu duelako". Azkenik, Iñigo Uribarrenek ere handia egin zuen hiruko jauzian: "Oso ondo ibili zen. Zalantzak zituen ezkerreko hankan fastitisa zuelako eta lesio hori oso mingarria delako, baina oso burugogorra da eta itzela egin zuen", dio Perezek. Proba irabazi zuen, marka oso ona eginda: 15,70 metro.  

Bestalde, Eneko Carrascal Ciudad Realen lehiatu zen Espainiako txapelketako gazte mailan eta brontzea lortu zuen hiruko jauzian 14,41 metroko marka eginda. Ibai Fernandez gazteak ere hartu zuen parte txapelketa horretan eta 100 metroko lasterketa 11,30 segundotan egitea lortu zuen. 

Ruiz de Azuak, finala helburu 

Europako txapelketa Tallinen (Estonia) egingo da uztailaren 9tik 12ra eta han egongo dira Ruiz de Azua, Axpe eta Uribarren: "Espainiako federazioak ez duenez dirurik marka oso onak behar dira Europarako eta hiruek lortu dituzte". Ruiz de Azua da ondoen dagoena, Perezen arabera: "Finalera sailkatzea izango da Malenen helburua. 4,15 edo 4,20 metro egiteko moduan dago eta marka horrek asko hurbilduko du garaipenera. Maialen [Axpe] ere oso ondo dabil baina zailago izango du". Promesen mailan lehiatuko dira biak. Bestalde, Iñigo Uribarren esperientziaz gozatzera joango da Estoniara, lehen aldia izango duelako nazioartean lehiatzen: "Marka pertsonalaren bila joango da, eta datorrena ondo etorria izango da", dio Perezek. Arrasateko atletismoa "oso forma onean" dagoela dio Perezek: "Halako mailetan jendea oso serio dabil eta ez da kasualitatea izan marka horiek lortzea. Oso ondo egin dute lan, merezita daukate". 

Entrenatzaileen lana txalotzen

Arrasate Atletiko taldeko arduradun Fernado Zufiriak atleten lorpenak zoriontzeaz gain, Jonathan Perez –pertika jauzia– eta Mikel Uribesalgo –hiruko jauzia– entrenatzaileen lana ere goraipatu du: "Arrasaten beste kasta batekoak dira, dena ematen dute ikasleen alde. Zorionak!".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak