'Jaime Bengoa pilotaria'

Ubane Madera 2015ko uzt. 1a, 08:42
Bengoa (eskumatik bigarrena), partiduaren amaieran.

Arrasaten, Bengoa abizena tabernarekin lotzen da, hain justu, Seberren dagoen tabernarekin. Izan, baina, Jaime Bengoa, tabernari baino lehen pilotari izan zen, nahiz eta "Bengoa kirol ibilbidetik aurki aldendu baitzen bere tabernari ofizioari gogotsu ekiteko", Velez de Mendizabal historiagileak kontatzen duen moduan.

"Jaime Bengoa Aguado Errioxako San Vicente de la Sonsierran jaio zen, 1936ko martxoaren 26an. Umetxoa zela aldatu ziren guraso eta seme-alabak Arrasatera. Aitak ordura arte Hilarión Taberna izenekoa erosi zuen eta oinarrizko heziketaren ikasketak burutu ondoren negozioan hasi zen Jaime. Denbora libreko orduetan Gurea frontoian ekin zion gustukoa zuen kirolari eta aurki herri mailako onenetarikoa bilakatu zen.

Afizionatuen arteko partidu mordoa jokatu zuen, Arrasaten eta inguruko frontoietan. Zubillagakoa izan zen Bengoaren azkenetariko partidua, handik gutxira erretiratu baitzen kantxetatik. Begoña Ortiz de Landaluze oletarrarekin ezkondu zen 1965ean eta 1997ko martxoaren 14an hil zen".

Halaxe laburbiltzen du Debagoieneko historialariak Bengoaren biografia. Horren aurretik, baina, efemeride bat abiapuntu, Oñatiko Zubillaga auzoko frontoia inauguratu zutenekoa ere badakar besteak beste, Bengoak ekitaldi hartan parte hartu zuelako: "Atzo (eguaztena) duela berrogeita hamabost urte- 1960ko ekainaren 30ean- Oñatiko Zubillaga auzoko frontoia inauguratu zen eta Bengoak esku hartu zuen ekitaldian, bi partidutan, gainera. Aipagarria da, bestalde, frontoia Joxe Arriaran – Arriaran II.ari- eskaini zitzaiola, kirol esparruari Arrasateko txapeldunaren izena emanez".

Kontakizun osoa irakurtzeko, Hots Begi Danbolinak blogera jo daiteke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak