Ford Mugarrik ezin izan dio Eibarri irabazi

Txomin Madina Milikua 2015ko mar. 28a, 22:28

Bukaeran berdintzeko edo irabazteko aukera ere izan duten arren, Pablo Gartziaren mutilek 26-28 galdu dute.

Norgehiagokaren zati handienean kanpokoak aurretik joan diren arren, hainbat fase izan ditu gaur Iturripen Ford Mugarrik eta Eibar Eskubaloiak jokatu duten partiduak. Arrasatearrei kosta egin zaie norgehiagokan sartzea: hainbat akatsen ondorioz, alde nabarmenagatik galtzen joan dira atsedenaldira, eta bueltan ere motel kantxaratu dira. Hala, 11-18, zazpi puntuko aldea ere egon da markagailuan.

Etxekoak baina, apurka errekuperatzen joan dira, eta lehia bukatzeko minutu bat baino gutxiagoren faltan, bat azpitik zeuden markagailuan. Azkenean baina, ezin izan dute aurkaria gainditu, eta 26-28 izan da azken emaitza.

"Oso gogorra eta taktikoa"

"Bigarren zatian zehar hobetzen joan gara, eta bost minutu falta izan zaizkigu partidua errematatzeko", adierazi du Ford Mugarriren entrenatzaile Pablo Gartziak behin norgehiagoka bukatuta, eta gaineratu: "Eibarrekoek oso ondo jokatu dute, partiduan oso sartuta, %110 emanaz".

"Oso lehia gogorra eta taktikoa izan da", azaldu du Gartziak, eta bere taldea taktikoki ondo ikusi duen arren, egin dituzten hutsegite batzuek lehia definitu dutela ere esan du: "Oso zaila da 60 minutu guztiz zentratuta egotea, eta nire ustez hor egon da gakoa".

Iturripe goraino bete dute zaleek, eta hori azpimarratu gura izan du arrasatearren entrenatzaileak: "Zaleak uneoro ibili dira animatzen; gure akatsekin, baina ahal duguna egin dugu eta zaleak hor egon dira; hamarrekoa izan da euren jarrera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak