Arrasate pasealekua itxi dute, kale bihurtzeko lanekin hasteko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko mar. 2a, 15:32
Udala eta Foruen plazen arteko errepide zatia kale bihurtuko dute. Argazkia Udala plazako biribilgunetik dago aterata.

Arrasate pasealekua kale bihurtzeko lanak hastear dira eta horretarako atzo, astelehena, errepide zatia erabat itxi zuten. Sei hilabete iraungo dute lanek, eta amaitzerakoan, oinezkoek zein bizikletek izango dute lehentasuna Udala eta Foruen plazan arteko errepide zatian; desbideraketen berri ematen duten seinaleak jarrita daude dagoeneko. 2014ko apirilean aurkeztu zitzaien proiektua herritarrei. 

Desbideraketei dagokienez, kanpoko ibilgailuei gomendatzen zaie saihesbideak erabiltzeko. Aretxabaleta, Elorrio zein Bergaratik datozenei, Arrasateranzko edozein guneetarako egin beharreko mugimenduetarako saihesbidea erabiltzea gomendatzen zaie, eta Gesalibar-Garagartza edota Uribarri-Erguin guneetara badoaz Olandixoko tuneletik jarraitzea, herri barruko kaleak ahalik eta gutxien erabiliz: "Mugimendu horiek guztiak gutxituz gero, Uribarri eta San Andresen arteko lotura Loramendi eta Uribe kaletik barrena egiteak ez luke inolako arazorik ekarri behar", diote Udaletik.

Barruko mugimenduak gutxitu

Udala plazako (Iker moduan ezaguna) biribilgunetik San Andresera joateko, esaterako, Uribe auzoaren atzealdetik sar daiteke, eta Mondragon Unibertsitatetik irten. Kontrako noranzkoan ere egin daiteke hori da, San Andrestik Munarrera sar daiteke leku berberetik. Hala ere, Udalaren asmoa da barruko mugimenduak ahalik eta gehien gutxitzea, beste mugikortasun eredu bat sustatuz eta arrasatearren ongizatea hobetzen saiatuz: "Helburua litzateke estresa, kutsadura atmosferikoak, eta ibilgailu motordunen erabilera masiboak sortzen dituzten gaixotasun eta gainontzeko kalte guztiak ahalik eta gehien murriztea". 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak