Arrasateko Udalak guztia gertu du etor litekeen elurteari aurre egiteko

Ubane Madera 2015ko urt. 30a, 16:33

Eguraldi iragarpenek diotenaren arabera, elur ekaitza etor liteke oraingo asteburuan. Eta Arrasateko Udalak jakinarazi du guztia gertu duela beharrezko denari aurre egiteko. Elurteetarako plana aktibatuko du elurra 300 metrotara botako duenaren abisua heltzen denean. Era berean, kontuan hartu beharreko jarraibideekin bandoa dabil ipintzen udalerriko atari guztietan. Segidan duzue bandoa irakurgai.

Zirkulazioko bide nagusietan elurra ez pilatzea eta trafikoa ibiltzeko moduan uztea da Udal zerbitzuen helburu nagusia, eta horretarako, erabilgarri ditugun baliabideak erabiliko ditugu.

Bideak libre uzteko

Programa espezifiko bat ezarri du Udalak, urgentzia eta osasun zentroetara, industrialdeetara, ikastetxeetara, zentro ofizialetara eta beste zerbitzu batzuetara iristeko bideak libre lagatzeko. Azken batean, lortu nahi dugu egunerokoak betiko funtzionamendua izatea, ahal dela elurrak eta izotzak eragiten dituen ustekabeak-eta ez izateko.

Jarraibideak

Udalaren ahalegin horri batu behar diogu herritarren kolaborazioa. Gogora ekarri behar dizuegu denoi, ausart lan eginez eta herritarren kolaborazioarekin bakarrik gutxituko ditugula elurraren ondorio negatiboak, zerbitzu publikoak eta pribatuak gelditu ez daitezen eta martxan izan ditzagun.

  • Ahal dela ez erabili ibilgailu pribaturik, eta autoan zoaztela handitu segurtasun distantzia. Gogora ekarri ikusi ere askoz gutxiago ikusiko duzuela. Frenatu egin behar baduzu, ez egin bat-batean.
  • Ahalegindu garajeetan gordetzen kalean aparkatu ohi dituzuen ibilgailuak.
  • Oinezkoek espaloitik ibiliko dira beti, eta kontu handia izan kaleak gurutzatzean.
  • Pertsona nagusiek, ezinduek edo mugikortasun mugatua dutenek saihestu beharko dute kalera ateratzea beharrezkoa ez bada. Ateratzen badira, kontu eta arreta handiarekin egin beharko dute.
  • Auzokoen eta lokal edo dendetako jabeen komunitate bakoitza arduratuko da bere fatxadak hartzen duen espaloi zatia garbitzen.
  • Etxejabeen komunitatea arduratuko da ibilgailu partikularren garajeetara iristeko bideak garbitzeaz.
  • Ibia edo ibilgailuentzako sarbidea daukaten enpresetako edo beste eraikin batzuetako titularrak arduratuko dira sarbide horiek garbitzeaz, bai eta haien jabetza barrualdean dauden maniobra edo aparkaleku eremuak garbitzeaz ere.
  • Lan hauek errazteko, herritarrek hartu ahal izango dituzte gatz kopuru txikiak Ur eta Obra zerbitzuen udal biltegian (Bidekurtzeta kalea 2, ASAM enpresaren eraikin ohia).
  • Saiatu ez ateratzen zaborra kalera -bereziki kartoia- bere bilketa normalizatua izan arte.
  • Erabili informazio telefono hauek: 943 25 20 00 (BAZ) 943 252010 (Udaltzaingoa).

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak