Egaña, Artzallus, Lujanbio eta Agirre astelehenean Amaia antzokian

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2014ko abe. 18a, 17:00

Andoni Egaña, Amets Artzallus, Maialen Lujanbio eta Amaia Agirre izango dira santamas eguneko bertso saioan Amaia antzokian, 20:30ean. Manex Agirrek jardungo du gai-jartzaile.

Sarrerak hamar eurotan eskura daitezke (AEDko bazkideek eta Goiena Klubeko kideek zortzi eurotan), AED elkartearen bulegoan, Irati eta Monte tabernetan. Astelehenean antzokiko leihatilan ere salduko dituzte, 19:30ean.

Herritarrak ere, gai jartzaile

Taularen gainean izango bada ere, ez zaio bertsotan egitea egokituko oraingoan Manex Agirreri; herritarren proposamenekin osatutako gai-zerrendatik tiraka kantuan jarriko ditu ondo ezagutzen dituen bertsolari-lagunak. "Lujanbiok, Egañak eta Artzallusek, ezaugarri moduan, edozein egoeratan eta edozein tonutako gaiekin bertsotan egiteko ahalmena dute, alferreko hitzik edo betelanik egin barik, arin behar denean arin eta sakon behar denean sakon. Amaia Agirre da bertso-mugimendua gertutik ezagutzen ez dutenentzako ezezagunena. Iruditzen zait, baina, laukotea borobiltzeko egokia dela. Txispa handikoa da Agirre, kantaera lasaia duena eta ariketa ezberdinetara egokitzen ondo dakiena", dio aramaioarrak, alboan izango dituen bertsolarien gaineko iritzia eskatuta.

AED elkarteak antolatuta

Udalaren laguntza izan badu ere, aurten ere AED elkartearen eskutik dator bertso-saioa. "Arrasateko euskara elkartearen hastapenetako helburuetako bat da euskal kultura eta euskaraz sortutako kultura adierazpenak bultzatu eta zabaltzea. Bertsolaritza bete-betean sartzen da esparru horretan, eta, beraz, betidanik izan du tokia bertsolaritzak gure elkartearen jardueran", azaldu du AED elkarteko Itxaro Artolak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak