goiena.eus

Udalatx azpian aurkituriko hiru euskal labeak euren motako bakarrak dira

 Arrasate

Zientzia Geologikoetan doktore Xabier Orue-Etxebarriak azaldu du Bizkaia eta Gipuzkoan 300 euskal labe inguru ikusi dituela, baina Udalatx azpian, Obiagan, aurkitu dituzten hiru labeak elkartuta daudela, eta hori aurretik inoiz ikusi gabe zeukala. Euskal labeen gaineko xehetasunak ere kontatu ditu Arrasate Zientzia Elkartearen Arrasateko Iragana Astintzen hitzaldi zikloa ixteko egin den saioan.

Zientzia Geologikoetan doktore Xabier Orue-Etxebarria izan da hizlaria. Azaldu du euskal labea duela 10 urte inguru aurkitu zutela eta ordutik horiek ikertzen dabiltzala. Bizkaia eta Gipuzkoa ia guztia aztertzen ibili da Orue-Etxebarria, eta Arrasate Zientzia Elkartekoekin harremanetan jarrita, Arrasaten ere aurkitu dituzte horrelako labeak.

Obiagan hiru euskal labe batera

Udalatx azpian, Obiagan, aurkitu dituzte hiru euskal labe. "300 labe baino gehiago ikusi ditut eta aurretik inoiz ikusi gabekoa ikusi dut Arrasaten; hiru labe batera aurkitu ditugu", azaldu du Orue-Etxebarriak.

Labe horiek noiz hasi ziren erabiltzen jakitea zaila dela esan du hizlariak: "Zaila da jakitea labe horiek noiz hasi ziren funtzionatzen. Dakiguna da hamargarren mendean dagoeneko bazeudela. Eta, hamargarren mendetik hamalau edo hamabosgarren mendera arte horrelako asko zeuden. Hala ere, hamahirugarren mendean gutxi gorabehera burdinola hidraulikak agertu ziren. Horiek gehiago ekoizten zuten, azkarragoak ziren eta ahalegin gutxiago behar zutenez, euskal labeak albo batera uzten hasi ziren".

Labeen erabilera

Labe horiek burdin minerala murrizteko erabiltzen zirela gaineratu du hizlariak: "Labera burdin minerala eta ikatza sartzen zituzten eta sua eman eta ordu batzuetara bi produktu ateratzen ziren: burdin oretsua, batetik, nekazaritzako piezak, eraikuntzakoak edo armak egiteko; eta bestetik, produktu likidoagoa ateratzen zen, zepa, eta hori zepategietara botatzen zen".

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa