Baloiaren jabe izan arren, Mondrak ez du golik egitea lortu (0-0)

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko abe. 14a, 21:09

Ohorezko Erregional Mailara igotzeko helburuari begira Mondrak ez du emaitza onik lortu gaur Ikasberri taldearen aurka. Baloiaren jabetza eta iniziatiba eurena izan da baina ezin izan dute aukerak sortu eta sortutako apurrak ez dituzte aprobetxatu. Nahi eta ezin aritu da Mondra: "Baloia denbora luzez izan dugu gure oinetan baina sakontasunik gabe ibili gara", adierazi du Gotzon Urzelai entrenatzaileak. 

Atea defendatzera irten da Ikasberri; baloirik ez zutenean bosna jokalariz osatutako bi linearekin eta baloia zutenean –gutxitan– bost atzelarirekin, lau erdilarirekin eta aurrelari bakar batekin. Horren aurrean etxekoek ez dute jakin aurkarien sarea zulatzen; Mondra eroso zegoen atzean baina aurrera begira eskas, eta hori izan da, hain justu, Ikasberrikoen helburua. 

Aukera garbiena 92. minutuan

Aukera gutxi izan dira baina partidua deskontuan zegoela, 92. minutuan, Iker Lopezek izan du 1-0ekoa egiteko aukera ederra, atea ia hutsik zuela kanpora bota du baloia. Horren aurretik epaileak ez du penalti bat adierazi, Ikasberriko atzelari batek baloia eskuarekin ukitu ostean: "Ez da aitzakia, ezin gara horrela justifikatu. Halako planteamendu defentsiboen aurrean ere nola jokatu landu beharko dugu entrenamenduetan", dio Urzelaik.

Hurrengo jardunaldian Azkoitin jokatuko dute sarrailagileek, azken bigarrena den Anaitasunaren aurka. Liderra, Getariako Keta taldea, hamar puntura dago dagoeneko. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak