Gogoaren gosea aseko duen artisten bidegurutzea

Maialen Torres 2014ko aza. 28a, 16:34

Musikak, literaturak, eskulturak eta pinturak bat egiten duten elkargunea da Gosariak, Goseren, Joseba Sarrionandiaren, Iñigo Arregiren eta Juan Luis Goikolearen azken proiektua. Nork bere diziplina artistikotik egindako ekarpenek borobildu dute proiektua, bai esanahi aldetik, baita estetikoki ere. Goseko Ines Osinagak eta Iñigo Arregi eskultoreak bat datoz lankidetza "oso ona eta aberasgarria" izan dela baieztatzerakoan. "Azken emaitza da horren testigu", dio Osinagak.

Gainera, artistek elkarrengandik ikasteko tartea ere izan dute bidean. Esaterako, Arregik aipatu du bakarrik lan egin ohi duela, eta oso interesgarria izan dela taldean aritzea, sormen prozesuari beste ikuspegi batetik begiratzeko aukera eman diolako. Osinagaren ustez, gainera, taldearen aniztasunak aberastu egin du proiektua. "Desberdinen arteko elkarlana beti izaten da zaila, baina oso polita ere bai", dio.

Lankidetza horretan, azken produktura iristeko bide luzea egin dute bai artistek, baita abestiek ere. "Abesti batzuetan hitzetatik abiatu gara eta musika jarri diegu; beste batzuetan, berriz, musika ideia batetik abiatu gara eta Josebak ideia horri hitz batzuk proposatu dizkio... denetik egon da", azaldu du Osinagak. Era berean, Arregik eta Goikoleak abestietatik abiatuta gin dute lan   alde grafikoan, batak zuri-beltzeko formak landuz eta besteak koloretako ilustrazioak marraztuz. Era horretan egin dute bai kutxaren diseinua, baita barruko liburuxka ere.

Zuzeneko zainduak

Abenduaren 6an Durangoko Azokako Ahotsenean eskainiko dute lehen zuzenekoa, 13:40an. Osinagaren esanetan, Gosariak zuzenekora eramatea Goseren ardura izango da, batez ere, baina ez dituzte ohiko zuzenekoak eskainiko. Kontzertu zaindu, epel eta goxoagoak izango direla azaldu du; dantzagarriak bai, baina desberdinak. Horregatik, ohi baino gutxiago eskainiko dituzte, baina ziurtatu du zaleek izango dutela zuzenekoez gozatzeko aukera.

Alde grafikoak izango du presentzia zuzenekoetan, Goseren kontzertuetan ohikoa den moduan, baina, Arregik azaldu duenez, oraindik ez dute erabat zehaztu euren lana nola erakutsiko duten. Izan ere, aitortu du "oso zaila" dela jendeari lan grafikoa behar bezala helaraztea.

Durangoko Azokaren ostean, Gosariak zuzenean ikusteko hurrengo aukera urtarrilean izango da, orduan ekingo diete-eta zuzeneko emanaldiei.

Zaleen bidegurutzea

Askotariko sortzaileak, askotariko diziplinak eta askotariko belaunaldiak bildu dituen sormen prozesua izanik, proiektua zaleen bidegurutze bihurtuko da, gainontzeko artisten lanak ezagutzeko bidea eskainiko duelako. "Guretzat horrela izan da, eta espero dugu hartzaileentzat ere hala izatea", adierazi du Osinagak.

Emaitzarekin "pozik"

Goiz da oraindik balorazioekin hasteko, baina egindako lanarekin, behintzat, "pozik" daude artistak. "Oso gustura gaude, eta hori da oraingoz egin dezakegun balorazio onena", esan du Osinagak, eta Arregi ere bat dator abeslariarekin "produktu indartsu eta aberatsa sortu dugu", dio.

Jasotako lehen kritikak oso onak izan direla ere esan du Arregik, baina harrera neurtzeko Durangoko azokara arte itxaron beharko dute, horixe izaten baita zaleen termometroa.

Gosariak, beraz, ez da Goseren seigarren diskoa. Disko bat da, bai, baina baita liburu bat ere. Badu eskulturatik eta margolanetik, baina benetan zer den jakiteko gose denak gosaltzera joan beharko du, ezinbestean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak