Euskararen kale erabilera orokorra %34koa da Arrasaten

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko aza. 20a, 14:45
Soziolinguistika Klusterreko teknikari Belen Urangak egin zuen datuen aurkezpena atzo iluntzean

Euskararen kaleko erabilera orokorra 20 puntu igo da Arrasaten 1988tik 2013ra; %14tik %34ra, hain justu. Hortaz, ondoriozta daiteke euskararen erabilerak nabarmen egin duela gora azken 26 urteotan, Soziolinguistika Klusterreko teknikari Belen Urangak atzo iluntzean Kulturaten aurkeztu zituen datuen arabera.

Datuok Arrasateko Udalak eta AEDk batutako informaziotik atera ditu Urangak. Hiztuna behatua izaten da konturatu gabe eta azken ikerketak herriko kalerik jendetsuenetan, eskolen atarietan, BAZen eta pintxo potean egin dira. 

Hainbat faktore aintzat hartzen

Hainbat eta hainbat datu eman zituen Urangak eta guztietan kontuan hartu beharreko faktoreak ere azaldu zituen. Adibide bat jartzearren: eskolak euskaldunak direnez eta BAZ Udaleko zerbitzu bat denez, ikertzaileek uste dute leku horietan euskaraz egiteko joera handiagoa dela. Datuen artean nabarmentzekoa da pintxo potean arrasatearren %44ak euskaraz egiten duela. Kopuru hori altuagoa da gazteen kasuan, euretako %62k euskaraz hitz egiten duelako. BAZen, berriz, euskara ahoz erabiltzen dute herritarren %32ak, idatziz %35ak eta telefonoz %60ak. 

Ezagutzari dagokionez, horra datu interesgarria: ume arrasatearren artean, %90koa da ezagutza, duela 25 urte baino 36 puntu altuagoa –1986an %54, 2011an %90–. Igoera nabarmena, herriko hamar haurretatik bederatzi euskalduntzeraino.

Euskararen aldeko 'selfie'-ak 

Aurkezpena Euskararen Eguneko ekintzen barruan egin zen, eta ekintzak hasi besterik ez dira egin: hilaren 26an, Andoni Egañak Euskara: zelan goaz? izeneko hitzaldia emango du Kulturaten (19:00). Abenduaren 3an, Euskararen Eguna, Zu ta Gar ekitaldi nagusia egingo da, txokolate-janarekin batera. Herriko Plazan izango da, 18:00etan. Amaitzeko, AEDren Erdaldun berrien kluba antzezlana eskainiko dute abenduaren 4an Kulturaten (19:00). 

Erronka moduan 365 selfie edo auto-argazki lortzea jarri dute aurten AEDkoek. Epea azaroaren 24tik abenduaren 8ra artekoa izango da eta, horretarako, #365egunArrasaten traola erabili behar da. GOIENA paperean erakutsiko dira horietako batzuk. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak