Eguenean helduko da doako TAO sistema Ferixalekura

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko urr. 21a, 11:00

Ferixalekuan jarriko dute TAO, Uarkape frontoiaren eta Amaia antzokiaren arteko gunean. Mugikortasun Planaren barruan kokatzen den erabakia da eta Arrasateko Udalak ziurtatu du urriaren 23an jarriko dela martxan. Ferixalekura mugatu dute oraingoz, froga moduan: "Helburua da baldintzak erraztea, kontsumitzaileak joan ahal daitezen erosten Udal azokara zein erdialdera". Hala ere, asmoa da gerora erdigune osora zabaltzea. 

Gehienez ere 90 minutuko egonaldi bat egin ahalko da. Aparkatzeko denbora igarotakoan erabiltzaileak ibilgailua kendu egin beharko du eta ezingo du bertan aparkatu hiru ordu igaro arte. Era berean, ez da tarifarik ordaindu beharko ibilgailua bertan –0.1 azpigunea deritzo– aparkatzeagatik.

Hori bai, doakoa izan arren txartela hartu egin beharko da derrigorrez. Hau da, makina banatzailearen txartela irakurtzeko moduan erakutsi beharko da. Astelehenetik zapatura artekoa izango TAO sistema: 08:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Domeketan, jai egunetan eta abuztuan ez da TAOrik egongo. 

50 eta 200 euroko isunak

TAO sistema ez da berria Arrasaten, unibertsitate inguruan martxan dago dagoeneko. Uribarri-Loramendi gunean ez bezala, Ferixalekuan aparkatzea doakoa da eta ez dira egoiliar txartelak banatuko: "Ez zaio atxiki ezein etxerik, ez merkataritza lokalik edo ekipamenduzko lokalik".

Bestalde, arau-hauste arintzat hartuko dira denbora gainditzea, txartelik ez lortzea edo irakurtzeko moduan ez jartzea, eta hiru orduko aldia igaro barik berriro aparkatzea. Horiei 50 euroko isuna aplikatuko zaie. Eta arau-hauste larritzat hartuko da txartel manipulatu, faltsutu edo deuseztatua erabiltzea; azken horiendako 200 eurokoa izango da isuna. 

Isuna makinan ordaindu ahalko da arau haustea gertatu eta 48 orduko epean; hori bai, autoa berehala kendu beharko da. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak