Mariasun Pagoaga: "Posible dudan artean, antzerkiarekin jarraituko dut"

Maialen Torres 2014ko urr. 22a, 00:00
Mariasun Pagoaga.

Antzezten duela 10 urte hasi arren, Mariasun Pagoagak (Arrasate, 1950) dagoeneko hainbat antzezlanetan hartu du parte, pantaila handian bost filmetan agertu da eta bi telesailetan ere aritu izan da lanean. Egun Goenkalen dabil, Amalia, botikariaren alargunarena egiten, baina hori guztia baino lehen, Fagorreko publizitate arduradun izan zen 42 urtez.

Mariasun Pagoaga zelakoa da?

64 urte ditut, baina 35 urte banitu bezala sentitzen naiz. Langilea eta baikorra naizela esango nuke. 

Zein harreman duzu sukaldearekin?

Etxeko ardurak banatzean, senarrak hartu zuen sukaldearena. Horregatik, bazkaltzera iristean, dena prest izan ohi da, eta mahaian esertzen naiz zuzenean.

Zein da zure espezialitatea?

Baba gorriak. Hala ere, orokorrean ondo moldatzen naiz.

Zertara gonbidatuko zenuke lagun on bat?

Afaltzera gonbidatuko nuke, eta ondoren, dantzara.

Eta etsairik handiena zertara?

Ezertara ez. Ez dakit etsairik dudan ala ez, baina izatekotan ez nioke kasurik ere egingo.

Zeinekin gustatuko litzaizuke mahaiaren bueltan esertzea?

Bilobekin bakarrik nagoenean egoten naiz gusturen, oso ondo pasatzen baitut eurekin. 

Nondik datorkizu antzezteko zaletasuna?

Duela hamar urte egin nuen topo antzerkiarekin, kasualitatez. Goikobaluren X. urteurrena zela eta, Arrasateko elkarteen artean zer egin erabakitzeko bilerara joan nintzen senarraren ordez, eta bertan erabaki genuen antzezlan bat egitea. Hortik sortu zen Doke antzerki taldea eta bertan ikasi nuen interpretatzen. 

Zer eman dizu antzezteak?

Arrasateko bertako jendearengandik hasita, espero ez nuen pertsonekin harremana izateko aukera eman dit. 

Zer behar da aktore izateko?

Beldurrak eta lotsak ezabatzea.

Zein zuzendarirekin egingo zenuke lan gustura?

Ez dago Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga bezalakorik. Zuzendari lanetan oso onak dira, eta zer esanik ez pertsona bezala.

Etorkizunean, zer?

Buruak eta gorputzak hutsik egiten ez didaten artean, antzerkiarekin jarraitzeko asmoa dut.

Iratxoek hiru desio eskatzeko aukera eman dizute...

Nire alaba haur bat izatekotan da eta harentzat dena ondo joatea nahi nuke. Horrez gain, orain dudan indarra eta umorea urte luzez mantentzea gustatuko litzaidake, baita inguruan dudan jendea nirekin egotea ere.

Zure bizitzako anekdota bat?

Hong Kongera joan eta galdu egin nintzen behin. Okerreko lekura heldu nintzen eta bertan topatu nuen gizon batek joan behar nuen tokira eramango ninduela esan zidan. Beldurrez igo nintzen gizonaren autora, baina bere hitza bete zuen. Nola eskertu ez nekiela esan nionean hauxe erantzun zidan: ibili zaren moduan topatzen baduzu norbait, lagundu iezaiozu. Horixe egin dut geroztik

Damu zara..

Ez dut damurik. Gauzak gaizki eginez gero, barkamena eskatzen dut, baina damutu ez, onerako edo txarrerako, egindakoa nire erabakia izan delako.

Zerk beldurtzen zaitu?

Beldurrik ez dut, ardurak bai ordea. Hurrengo belaunaldiei zer utziko diegun, adibidez.

Lanetik etxera iritsi berri, zer egitea gustatzen zaizu? 

Egun osoko zalapartaren ondoren, posible dudanetan, une batez bakarrik, isiltasunean eta iluntasunean egoteak erlaxatzen nau.

Nora egingo zenuke ospa?

Eskoziara edo Indiara.

Ze aholku konpartituko zenuke?

Ingurukoekin zintzo jokatu eta egia aurretik dela ibiltzea, emandakoa jaso ohi baita bueltan.

----------

Aukeran...

Lehen platera: Entsalada mistoa

Bigarrena: Dilistak 

Postrea: Fruta 

Edatekoa: Ura eta kafesnea 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak