Ain_1: "Fase baten amaiera izango da 'Badoa, badirau' diskoa; 'gero arte' bat izango da"

Jagoba Domingo 2014ko ira. 23a, 00:00
Ain_1 laukotea Elektrika grabazio estudioan.

Estudioko bigarren lana labean dauka Ain_1 laukoteak. Azpeitiko Elektrika grabazio estudioan sartu ziren maiatzean Ander Barriusorekin Badoa, badirau grabatzeko. Teknikariak helduago ikusi ditu grabazioan eta talde bezala hobeto funtzionatzen dutela uste du. Ildo beretik jarraituta, Ain_1ek diskoa lasaiago eta landuago prestatzeko aukera izan du.

Noiz hasi zineten bigarrenarekin?

Maiatzean sartu ginen estudioan bigarren diskoa grabatzera eta uztail amaiera aldean nahasketak entzutera joan ginen. Orain, diskoa azken fasean sartuko da.

Zer aurkituko dugu bertan?

Disko hau prestatzen bi urte eman ditugu, eta lan nahikotxo egin dugu lokalean. Gutxi gorabehera lehenengo diskoko ezaugarriak mantentzen dituen arren, aldaketa batzuk sumatu dituzte entzuleek. Esaterako, beste instrumentu batzuk sartu ditugu kantuetan; gitarra elektrikoa eta harmoniuma, adibidez. Diskoa gehiago lantzen saiatu gara; lokalean esperimentatu egin dugula esan genezake. Kantu batzuk guztiz aldatu dira lehenengo ideiatik emaitzara. Oinarri batetik, ideia moldatu, apurtu eta berriz hasteraino heldu gara. Sortze prozesuak lan handiagoa eman digu, estiloetan eta kantuetan arreta handiagoa jarri dugu kantu bakoitza berezia izan dadin saiatu gara, batzuetan dakarren buruhausteekin, baina gustura geratu gara. Diskoa osoagoa izango da? Ez dakigu; ezberdina badela uste dugu.

Zer da Badoa, badirau-rekin lortu nahi izan duzuena?

Ez dugu inolako helbururik jarri, nork bere ikuspuntu eta detaileak eman dizkie kantuei, eta, horren guztiaren emaitza da diskoa.

Nola joan da grabazioa? 

Bigarren disko honetako grabazioan lokalean sartu ditugun orduak asko nabaritu ditugu. Entseguetan lan handia egin dugu eta kantuak errazago grabatu ditugu, konfiantza handiagoarekin. Aurreko lana ere Barriusorekin grabatu genuen, elkar ezagutzen genuen, eta guztia errazagoa izan da. Horrez gain, behin estudiotik pasatuta, hurrengo bat irudikatzea errazagoa izaten da, badakizu zer egin behar duzun eta nola funtzionatzen duen. Gure ustez, alde batetik, esperientziari esker eta, bestetik, lokalean egindako lanari esker grabazioa oso ondo joan da, detaileetan arreta handiagoa jartzeko aukera izan dugu.

Nondik nora doa diskoa?

Hamar bat kantu ditu diskoak, eta bertan, guk idatzitako kantuez gain, Jon Mirandek idatzitakorik ere badago. Interesgarria pentsatu zitzaigun Miranderen letra bat musikatzea, literaturatik ezagun genuen-eta. Horrez gain, aurreko lanean bezala, Jon Olanoren hitzak ere badaude. Abestiak lehenengo pertsonan daudela esan genezake; edozein sortzaileren nahia inguratzen zaituzten errealitateei kantatzea dela uste dugu. Hala ere, denetik dago; egunerokotasuneko kontuak, maitasun kontuak, euskalkian ere abestera animatu gara... egia esan, disko honek badu kontaketa bat emakumetasunetik egindakoa eta emakumeentzakoa. 

Zein kontzeptu dago bigarren diskoaren atzean?

Ain_1 momentu honetan amaierako fase batean dagoela esan genezake, eta kontzeptu horretatik heldu da Badoa, badirau titulua. Hasiera baten, etentxo bat egiteko asmoarekin gabiltza; beraz, diskoaren aurkezpeneko kontzertuak emozionalki politak izango direla pentsatzen dugu. Nolabait, agurtzen egongo gara, eta hori berezia izango da.

Nola irudikatzen dituzue agur kontzertu horiek?

Borobiltze antzerako bat izango da. Nolabait, eten baten baten aurrean edo fase baten amaiera aurrean kokatzen zarenean, sentsazio polita da; atzera begiratzea, datorrenari gogor heltzea... Kontzertuak, gainera, bereziak izatea nahi dugu, jotzen ditugunak aukeratzea da gure asmoa, gustura sentitzen garen espazioetan jotzea da gure asmoa, lagunez inguratuta... finean, guk geuk eta ingurukoek ahalik eta gehien disfrutatu ahal izateko. Gozatzeko eta gozarazteko asmoarekin egindakoak izango dira Badoa, badirau-ren aurkezpen kontzertuak.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak