Goikobaluko Erromerixie aspaldiko ohiturari eusteko asmoz dator bigarrenez

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko ira. 15a, 10:38
Aurtengo egitaraua aurkezteko agerraldia Kulturaten. Argazkia: Mondraberri.

Zuztarrak Errotuz taldearen, Arrasateko Udalaren eta herriko hainbat elkarteren elkarlanari esker bigarren urtez dator Goikobaluko Erromerixie. Aspaldiko ohitura berreskuratzeko asmoz eta iazko arrakasta ikusita, aurten errepikatzea erabaki dute. Zapatuan egingo da, hilak 20, Santa Barbara parkeko gainean. 

Egun osorako egitaraua prestatu dute antolatzaileek: hasteko, Seber Altube plazatik abiatuta, kalejira egingo dute (12:00); gero Goikobalura igoko dira Herriko plazatik (13:30), eta erromeria 14:00etan hasiko da. Txalapartariez, bertsolariez eta dantzez gozatzeko aukera egongo da orduan, eta sagardoa, taloak, edariak eta kafea saltzeko postua ere jarriko dute bertan. Bazkaria –15:00etan hasiko da– norberak eraman beharko du; zeuk eruen, zeuk jan modura antolatu dute. 

Bazkalostean kantuan egingo dute eta bertsolariak ere egongo dira. Gainera, ekitaldia egingo da 16:15ean: dantzak, albokariak, trikitia eta kantu herritarrak izango dituzte. Azkenik, berbena egongo da Goikobalun bertan –iaz Herriko plazan egin zen–, 18:00etan hasita. Festa 19:30ak aldera amaituko da. 

Tradizio handiko erromeria  

Antolatzaileen arabera, 1950. urtera arte Igokundearen egunean erromeria egiten zen bertan: "Herriko plazatik desplazatutako erromeria ospatzen zen. Herriko musika bandak eta txistulariek jotzen zuten bertan; garai horretan, egiten zuten ekaitzen ondorioz, erromeria bertan behera uzten zen, partzialki edo osotasunean". 

Diotenez, egun hori "euren jaitzat" zuten hainbat arrasatearrek: "Tradizioaren arabera, Gazteluondokoendako esanahi berezia zuen egun horrek, Igokunde egunaren afarian oilarra jatea tradizioa zelako". Hala ere, Goikobaluko erromeria hura desagertu egin zen, beste batzuen antzera: San Josepekoa, Santamasekoa, Gesalibarkoa... 

Bestalde, antolatzaileek jakitera eman dutenez, 1931ko sanjuanetan "sekulako arrakasta" izan zuen berbena bat antolatu zen Goikobalun: "Herria hutsik geratu zen eta tabernariek protesta egin zuten. Harrezkero, jaietan, ez zen berbenarik programatu Goikobalun". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak