LKRTSN: "Guretzako, ohore handia izan da diskoa egitea, bihotzez egindako lana da"

Jagoba Domingo 2014ko ira. 16a, 00:00
'Pepin', Sala 'Strummer', 'Magu' eta Igor Sala gaztetxeko lokaleko pasilloan bideoklipa grabatzen.

Ozta-ozta, baina, azkenean, heldu da Arrasateko Elkartasun Egunerako propio egindako diskoa, Hainbat ohe huts. Diskoaren atzean, Arrasateko lau musikari daude: Des-Kontrol taldeko Magu eta Pepin, Dirty Brothers taldeko Asier Sala Strummer eta haren anaia, The Potes taldeko akordeoilaria, Igor Sala.

Hainbat ohe huts joan den astean heldu zitzaien eskuetara, Elkartasun Eguna ospatu baino egun batzuk lehenago, eta, urduritasuna albo batera utzita, badirudi esfortzuak eta buruhausteek merezi izan dutela. Eusko gudariak kantuaren lehenengo konpasek ematen diote hasiera lan berriari.

Nola sortu zen ideia?

Ideia aspalditxo jaio zen. Azken urteotan presoen aldeko hainbat ekitalditan jotzen egon ostean, presoei eskainitako lana egitea pentsatu genuen eta duela urte pare bat hasi ginen disko bat egitearen bueltan lanean. Egia esan, pentsatu baino gehiago luzatu da. Kontua da guk geuk egin dugula dena; Asier Sala izan da teknikaria eta instrumentu guztiak lauron artean grabatu ditugu, kolaborazioak egon diren arren. Lokalean ordu nahikotxo sartu ditugu diskoa kalera irten aurretik, eta, azken orduko buruhausteak albo batera utzita, esperientzia polita izan da.

Berezia da horrelako lan bat grabatzea?

Bai, guretzako, ohorea izan da, bihotzez egindako diskoa da.

Zer aurkituko dugu diskoan?

Kantuen bertsioak dira; akustiko formatuan daudela kontuan hartuz, moldaketa batzuk egin ditugu. Pianoak, adibidez, garrantzi handia du kantu batzuetan: Duintasunez eutsi kantuan, esaterako. Horrez gain, Des-Kontroleko Altxa gaitezen eta Burua hotz eta bihotza bero, Peio Lamarka preso ohiak espetxean zegoenean idatzitako letra du kantu horrek; Dirty Brothers taldearen Nafarroa; Enboskadaren Amaiur eta Ongi etorri; Pantxoa eta Peioren Batasuna eta diskorako propio egindako Norantza bakarra. Azken kantu horren letra Marixol Iparragirre eta Mikel Antza presoek Amaiur, Amets eta Maite senideekin egindakoa da, Frantziako espetxera egindako bisita batean.

Kantu horretan, gainera, kolaborazioak izan dituzue.

Bai; kantua grabatu ostean, herriko hainbat preso ohi, senide eta neska-mutikok koruak grabatu zituzten, bideoklipean ikusten denez. Bideoklipa, hasiera baten, diskoan sartzeko asmoa genuen arren, Interneten jarri dugu ikusgai Elkartasun Egunaren berri emateko, eta harrera polita izan du. Duela hilabete inguru jarri genuen Interneten eta dagoeneko 1.600 bisitatik gora izan ditu. Ikus-entzunezkoa grabatzen, Iñaki Vicario eta Iban Momo egon ziren kameralari lanetan eta diskoaren diseinua Mutxin-ek egin du; ikusten duzuenez, dena etxean geratzen da.

Non egongo da salgai?

Oraingoz, alde zaharreko tabernetan jarriko ditugu salgai 5 euroren truke eta batutako dirua Arrasateko preso eta senideendako izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak