Eskubaloia: 'Pitxi' memoriala etxekoentzat

Maialen Torres 2014ko ira. 14a, 21:08

Arrasateko Ford Mugarrik irabazi du Jesus Mari Herrero Pitxi Memoriala, 24-16ko emaitzarekin. Finalean, Elgoibarreko taldea izan dute aurkari etxekoek Iturripen, eta hirugarren eta laugarren postuak Hondarribia eta Urdanetarentzat izan dira, hurrenez hurren. [ARGAZKIAK]

Atzo jokatu zuten finalerako sailkapena lau taldeek, eta etxeko taldeak Hondarribiari irabazita eskuratu zuen finalerako txartela, markagailuan 31-26ko emaitza zutela. Pablo Gartzia Ford Mugarriko entrenatzaileak azaldu duenez, "zapatuko partidua zaila izan zen, eta oso gogorra kantxan".

Gartziak azaldu duenez, defentsa izan da taldearen indargunea txapelketa honetan, aurre denboraldian zehar bereziki landu baitute. Dena den, Gartziak ahulgune ugari ikusi dizkio taldeari; besteak beste, arlo fisikoan arreta jarri behar dutela esan du, baina prest izango direla denboraldia hasterako.

Lehia estua finalean

Bigarren minutuan iritsi da finaleko lehen gola, eta etxekoek aurrea hartu dute markagailuan. Hala ere, Elgoibarrekoek segituan erantzun diote jokoari eta markagailuari buelta ematea lortu dute. Gartziak aitortu duenez "Elgoibar oso ekipo gogorra da, bai defentsan, baita erasoan ere" eta horregatik, asko kosta zaie arrasatearrei partidua aurrera ateratzea. Mugarrikoek, ordea, ez dizkiete lanak erraztu bisitariei eta markagailua berriz ere parekatu dute.

Lehen zatia amaitzear zela, hamar segundoren faltan, hain zuzen, gol bakarragatik aurretik ziren arrasatearrak. Baloiaren jabetza zutela aprobetxatuz, jokoa gelditu dute, lehen zatiko azken gola eskuratzeko jokaldia prestatzeko; baita lortu ere. 11-9ko emaitzarekin iritsi da atsedena.

Atsedenaldiaren ostean, Elgoibarrek sartu du lehen gola, baina Mugarrikoak indartsu itzuli dira aldageletatik eta bigarren zatian zehar, bederatzi goleko aldea ere zabaltzea lortu dute markagailuan.

Lagunartekoa izan arren, giroa bero-bero egon da, bai kantxan, baita harmailetan ere. Gartziak azaldu duenez, ulertzekoa da hori "bi taldeek aspalditik ezagutzen dute elkar, eta jokalarien artean badira ika-mika batzuk aurreko partidetatik". Bi taldeetako bat ere ez zegoen prest partidua oparitzeko eta horrek azken unera arteko lehia ekarri du Iturripeko kantxara. Azkenean, Arrasatekoek poltsikoratu dute txapelketa, 24-16ko emaitzarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak