Ebolaz kutsatatutako bi erlijiosok Arrasate bisitatu zuten iaz

Ubane Madera 2014ko abu. 8a, 17:00

Liberian, Monrovia hiriburuko San Jose ospitalean ebolaz kutsatuta dauden kongregazioko bi anaiak eta bi ahizpak ahalik eta lasterren laguntzeko bideak antolatu nahian dabil San Juan de Dios kongregazioa, baita ospitale hura berriro zabaltzeko ere. Espainiartatu duten abadea iazko urrian Arrasaten izan zen; eta oraindik ere Monrovian ebolaz kutsatuta dagoen ahizpetako bat (Chantal Pascaline) ere bai.

Monroviako San Jose ospitalean lanean ibili diren hiru anaietatik bata hil da dagoeneko, ospitaleko zuzendari zena; bigarrena espainiartu egin dute, Miguel Pajares abadea, eta hirugarrenak, berriz, han segitzen du, egoera kaskarrean, Jose Maria Chavarrik, Arrasateko San Juan de Dios Ospitaleko erizaintzako buruak esplikatutakoaren arabera. Eta ahizpei dagokienez, berriz, bi daude bertan, biak ere ebolaz kutsatuta.

Oinarriko beharrak

Gauzak horrela, horixe da orain kongregazioaren lehentasuna, Juan Ciudad fundazioaren bitartez lantzen dihardutena. Eta hori abiapuntu, Arrasateko anaiak eskaera zuzena egin gura izan die erakundeei: oinarrizko baliabidez ornitu ditzatela bertako ospitaleak.

Kasurik ez

Chavarri anaiak ondo asko daki zein den Liberian eta inguruan bizi duten egoera latza. Pajares umetatik ezagutzeaz gainera, berarekin lan egin izan du Afrikako inguru hartan. Orain dela 12 egun komunikatu zen berarekin skype erabilita. Ordurako gaixotasunak jota zegoen Pajares, baina hala ere, kezka nagusia ingurukoengatik zuen, eta bertako agintari zein erakundeei laguntza eskea egin arren, erantzun hutsala eskuratu zuen, gaur egungo muturreko egoeraraino iritsi arte.

Iazko urrian, Arrasaten

Momentuz, baina, albiste positiboak eman dituzte San Juan de Dios kongregazioko anaiaren osasun egoeraren gainean, eta jakina, horrekin pozik daude haren kideak. Chavarrik kontatu du zela iazko urrian Arrasaten bertan izan zen Pajares, bere izaera naturalarekin bat eginez, San Jose ospitalerako proiektu berriak landu guran. Izan ere, Chavarrik Toledoko abadearen izaera arduratsua, kanpokoei begirakoa eta serioa dela azpimarratu du.

Bestalde, Monroviako ospitalean gaixo dagoen Chantal Pascaline ahizpa ere sasoi bertsuan Arrasaten izan zela ere kontatu du Chavarrik.

Arrazoi egoistak

Ebolarekin sortu den larrialdi egoeraren zergatiaren gaineko bere ikuspuntua ere azaldu du San Juan de Dios kongregazioko anaiak; kontuan hartuta urtetan milioika lagun hil dituzten bestelako gaixotasunekin ez dela, ezta gutxiago ere, halako aparteko kezkarik sortzen, eta ezta neurririk hartzen ere, malariarekin, kasu.

Chavarrik dio ebolak zuzenean eragiten digula, eta horrekin jabetu egin direla munduko gobernuak. Gaur egungo globalizazioaren eraginez, ikusi dutelako posible dela infekzioaren broteren bat piztea munduko edozein lekutan. Chavarrik dio, hala ez balitz, "oraindik ere lasai asko" egongo ginatekeela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak