San Josepe berriro urbanizatzeko lehen lanak 2014an hasiko dira

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko uzt. 22a, 18:56

Arrasateko San Josepe auzoa berriro urbanizatzeko lanak aurten hasiko direla espero du Udalak. Gaurko ezohiko osoko bilkuran aho batez onartu da proiektua gauzatu ahal izateko hasierako desjabetze espedientea. Lanon helburuak dira oinezkoen zein autoen zirkulazioa hobetzea eta auzoko espazio libreak zabaltzea. Bestalde, TAO sistema urrian helduko da erdigunera, Ferixalekura, proba modura.

San Josepeko proiektua bost fasetan egingo da: "Auzotarrengan izan dezakeen eragina murrizteko eta Udalak obra zatika finantzatzeko". Bada, lehen fasearekin aurten hasiko direla adierazi du Inazio Azkarragaurizar alkateak, osoko bilkura amaitu ostean. Lehen fase horrek San Josepe eta San Andres kaleak elkartzen diren puntutik San Josepeko etxebizitzen parerainoko guneari eragingo dio. San Josepe kalearen hasieran espaloi  berri bat egingo dute, eskailerak irisgarritasun irizpideetara egokitu eta errepidea zabalduko dute apur bat.

(Argazkia: San Josepe kalea, egun dagoen egoeran)

TAO Ferixalekura, urrian

Bestalde, gaurko osoko bilkuran onartu dute behin betiko TAO sistema erdigunera ekartzea. Hasiera baten Ferixalekura bakarrik ekarriko dute, proba modura: "Erdiguneko errealitatea eta unibertsitate ingurukoa ez da berdina eta horregatik proba modura Ferixalekuan jarriko dugu. Hala ere, gure asmoa da erdigune osora zabaltzea", adierazi du alkateak. Ekain hasieran onartu zen behin behineko ordenantza eta ordutik bi alegazio jaso dira. Bata, herritar partikular baten egoiliar txartela jasotzeko eskaera; atzera bota dute, esparrutik kanpo dagoelako. Bestea, berriz, Ibai-Arte merkatari elkarteak jarri du: "Merkatarien eskaera zen sistema indarrean egotea arratsaldean ere, eta onartu egin dugu. Beraz, goizez zein arratsaldez egongo da TAO Ferixalekuan", argitu du Azkarragaurizarrek.

EAJk eta PSE-EEk kontra bozkatu dute. Sozialistek zein jeltzaleek proba eginda dagoela uste dute eta ez dute ulertzen zergatik ez den erdigune osora aldi berean zabaltzen.

(Argazkia: TAO sistema urrian ezarriko den gunea, Ferixalekua)

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak