Arrasatearrek konposta egiteko erronka hartu dute

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko ots. 25a, 12:00

Auzo-konposta edota autokonposta egiteko deia egin zuen Udalak eta azken hilabeteotan herritarrekin bildu da sistemaren nondik-norakoak azaltzeko. Harrera ona izan du ekimenak, 180 herritarrek eman baitute izena.

Herritarrak auzo-konposta egitera animatu gura izan ditu  Arrasateko Udalak. Horretarako bilera ezberdinak egin ditu azken hilabeteotan Uribarriko, ospitale inguruko eta erdiguneko bizilagunekin, eta auzo-konpostaren nondik norakoak azaldu dizkiete interesa erakutsi duten herritar guztiei.

Aurreikuspena beteta

Nerea Lazpiur Garapen Iraunkorreko teknikariak deialdiak edukitako erantzunaren gaineko balorazio positiboa egin du: "Uste genuena baino hobeto joan da, herritar askok eman dute izena, eta oso pozik gaude".

Izan ere, auzo-konposta egiteko 140 eskaera jaso dituzte, eta autokonposta egiteko, berriz, 40; 180 guztira. "Baina Arrasaten aurretik ere badabiltza herritar batzuk konposta egiten, 2005ean eginiko deialdi baten ondorioz". Berriki izena eman duten 180 lagunetatik 30 dira Uribe auzo inguruko bizilagunak, 25 ospitale ingurukoak eta 20 erdigunekoak. "Hasiera batean horiek ekingo diote auzo-konposta egiten. Gainerakoek itxaron beharko dute".

Hurrengo urratsa, ikastaroa

Udalak epe laburrerako asmoa, hiru zonaldetako bizilagun horiei konpostaren inguruko ikastaroa eskaintzea izango da. "Ordubete iraungo du, eta bertan ikasiko dute zer bota daitekeen eta zer ez, esaterako". Oraindik ez dakite noiz izango den, "ordutegiak-eta begiratu behar dira", guztiek bat egin dezaten. "Aste Santuen aurretik izango dela uste dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak