Arrasaten 92 familiak eman dute izena auzo-konposta egiteko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko ots. 5a, 09:00

Arrasateko Udalak auzo-konposta egiteko egin berri duen proposamenak erantzun ona izan du. Arrasateko gune ezberdinetako 92 familiek agertu dute interesa eta, momentuz, Udalak hiru gunetan jarriko du martxan esperientzia pilotoa: Uribe auzoan, Nafarroa etorbidean eta erdigunean. Hurrengo bilera Nafarroa etorbidean izango da, bihar bertan, otsailak 6: Aspaceko lokal parean elkartuko dira 18:30ean, handik Mankomunitateko lokal batera joateko.

Duela bi aste, urtarrilaren 22an, egin zen Arrasaten auzo-konpostari buruzko lehen bilera. Udala Uribe auzoko bizilagunekin elkartu zen azaltzeko zelan funtzionatzen duen eta jendeari ikustarazteko, praktikaren bidez, zelako garrantzitsua den organikoa ez nahastea gainontzeko hondakinekin.

Lehenengoz probatuko duten 57 bizilagun

Uribeko bileraren ostean auzoko 18 familiak eman zuten izena auzo-konposta egiteko. Beste lauk, berriz, izena emana zuten aurrez. Guztira Arrasateko 92 familia daude konposta egiteko gertuko, herriko gune ezberdinetakoak: Makatzena, Erdigunea, Gorostiza (Malbinak), Erguin, Zigarrola... Horietatik 35ek ortua dute eta beste 57ak dira auzo-konposta probatuko dutenak.

Momentuz, Udalak auzo konposta egiteko esperientzia pilotua hiru zona zehatzetan jarriko du martxan: Uribe auzoan, Erdialdean (Laubiden) eta Ospitale inguruan (Nafarroa Etorbidean), hain zuzen. Aurrerago aztertuko da herriko zer zonatan dagoen eskaera gehien eta horren arabera aukeratuko dira lekurik aproposenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak