Arrasateko Udalak herritarrengana joko du hondakinen arazoari ekiteko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko urt. 31a, 10:19

"Badakigu jendeak galdera asko dituela eta nazkatuta dagoela, erantzunak jaso ordez, prentsan egunero batzuen eta besteen arteko eztabaidak irakurtzeaz". Hitz horiek izan ditu gaur Inazio Azkarragaurizar alkateak hondakinen arazoaren gainean emango dituzten hurrengo urratsen berri emateko prentsaurrekoan. Herritarrengana jo gura dute euren iritzi eta kezkak jaso eta horiei erantzuten saiatzeko. Gazte Bulegoa izango da arrasatearron iritzi, iradokizun zein kexak jasotzeko gunea, eguaztenero, 18:30etik 20:00etara. Otsailaren 13an jarriko dute abian ekimena.

Informazio kanpaina berezia jarriko dute martxan: "Arrasatearrei hondakin bilketa sistemari buruzko iritzia eman dezaten eskatuko diegu laster, eta hondakinen arazoari buruzko informazioa, zein Udal honek arazo horren aurrean hartutako erabakiari buruzko azalpenak gugandik zuzen-zuzenean jasotzeko modua jarriko diogu", adierazi du alkateak.

Gazte Bulegoa informaziorako gune

Gazte Bulegoa aukera dute informaziorako gune, eguaztenero, 18:30etik 20:00etara: "Planteatzen duguna da etortzen den jendearekin bilera irekiak egitea: hasieran labur azalduko diegu atez atekoaren alde zergatik egin dugun, sistemak zelan funtzionatzen duen eta horren ostean elkartzen garenon artean gaiaz hitz egingo dugu, jendeak dituen galderei erantzunez".

Era berean, arrasatearrek atez ateko bilketa sistemaren gainean duten iritzia jaso gura du Udal Gobernuak. Horretarako, galdeketa bat prestatu dute eta otsailaren 6tik 10era bitartean etxe guztietara bidaliko dira. Arrasatearrek hilabete inguru izango dute galdeketa horri erantzuteko; Gazte Bulegoaren atariko buzoian utzi ahal izango dira. Azken eguna da martxoaren 8a.

Gaia, "guztiz politizatuta eta distortsionatuta"

Alkatearen arabera, egun hondakinen gaia "guztiz politizatuta eta distortsionatuta" dago: "Gure aldetik esan behar dugu ez garela gehiago sartuko jendea nahastu besterik egiten ez duten ika-miketan. Aldiz, pentsatzen dugu herritarren artean hondakinei buruz era baketsu eta sanoan hitz egitea komeni dela; erronka honi naturaltasunez eta, batez ere, elkarrekin heltzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak