Kementsu koadrila ibili da Arrasateko martxan lokatzari aurre egiten

Xabier Urtzelai 2012ko urr. 20a, 18:52

Aurreikuspenak beteta, Arrasateko mendi bizikleta martxan esku hartu duten 75 lagunek lokaztutako ibilbidea aurkitu dute. Baina eguraldi txarrari aurpegi ona. Udala aldean lehenengo kilometroak egin eta gero –Enduro bonus trebeenek baino ez dute bizikleta gainean pasa– Anporretako zatia egin eta Monterronen bizikletak garbitu ahal izan dituzte, ibilbideko bigarren zatiari ondo ekiteko.

Bedoñara igo dira lehenengo, arazo gutxi hor, eta eskerrak Galarrixako zatia kendu egin duten, norbait itoko zen bestela. Azken zatia ikusgarria izan dute, Kurtzetxikitik behera, baina kontuz jaisteko zonaldea zen, badaezpada. Lehor dagoenean jaitsiera azkarra da. Gaur ez, erabat lokaztuta zegoen, baina hor ere ondo moldatu denik egon da. Lokatzetan ibiltzera oraindik ohitu ez denak, berriz, lasai egin behar izan du azken jaitsiera. Hala, eguraldiak baldintzatu egin du parte-hartzea –iaz ia 300 lagun batu ziren– eta baita ibilbidearen zailtasuna ere. Dena dela, antolatzaileak pozik azaldu dira goizak eman duenarekin. Martxara joandakoek gozatu egin dute, eta hori zen helburua.

Hala, Lokatz gogoz geratu direnek bihar, domeka, Eskoriatzan izango dute bigarren aukera, 09:00etan plazan.

Besaideko mendi hamabostaldiak aurrera jarraitzen du

Besaide Mendi Elkarteko mendi hamabostaldiak hitzordu gehiago batzen ditu. Hilaren 24an, eguaztena, Adolfo Madinabeitia eskalatzaile-alpinistaren eskutik, Mundo Perdido (Acopan Tepuy) euskarazko lana erakutsi dute Kulturaten (19:00). Bestalde, datorren zapatuan, Arrasateko bide zaharretatik mendi ibilaldia izango da Besaide Mendizale Elkarteak antolatuta: Etxezarreta, San Prudentzio gain, 7 bide, Bedoña eta Kurtzetxiki zeharkatuko dituzte. Ibilbide honetan parte hartzeko, ez dago izena eman beharrik eta edonork egiteko modukoa da (09:00 Musakolako San Isidro elkartetik).

Domekan, Mutrikun egingo dute mendizale beteranoek GMF-ko martxa: Ondabarro, Abeletxe, Arno, Arnondo, Astigarribia, Sagarmiña, Bustiñaga, Langa eta San Juan. Besaide Mendizale Elakrteak autobusak antolatu ditu bertara joateko eta izenematea urriaren 22 eta 23an egin beharko da, 19:30etatik 20:30etara (943 773066). 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak