Irunek nazional mailako jokalariak ekarrita, ART beste behin esku hutsik

Arritxu Barruso 2012ko urr. 8a, 10:00

Igor Isasiren mutilek garaipenik lortu barik jarraitzen dute. Denboraldiko bigarren partidua zuten atzo Mojategin Irun B taldearen kontra, baina 19-62 galdu zuten.

Dena dela, ezin esan Arrasateko mutilek partidu txarra egin zutenik; hori baino gehiago izan zen irundarrak beste maila bat erakutsi zutela. "Irunek senior mailan bi talde ditu eta maila goreneko, nazionaleko, fitxa duten jokalariak ekarri ditu. Beste maila batean daude eta hori igarri egin da gaurko partiduan", azaldu zuen entrenatzaileak partidu amaieran. Aurrean nahiko parekatuta ibili ziren arren, esan behar da irundarrek hiru laurdenetan beste maila bat erakutsi zutela, pase eta jokaldi hobeak eginez.

Lehenengo zatian txukun

Lehenengo zatia 3-17 amaitu zen, baina arrasatearrek markagailuari eustea lortu zuten. Bigarren zatian hasi ziren arazoak; irundarren entseguak bata bestearen atzetik etorri ziren eta markagailuan alde nabarmena lortu zuten. Dena dela, azken minutuetan Isasiren mutilek indarra hartu zuten eta bi entsegu egitea lortu zuten.

Hurrengo partidua Getxo B taldearen kontra izango da eta Isasiren beldurra da beste behin ere nazional mailako jokalariak aurkitzea zelaian; Getxok ere bi talde ditu. Lehenengo jardunaldian ere gauza bera gertatu zitzaien Uribealdea B-rekin. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak