Aurkari zail baten kontra berdindu eta puntutxo bat lortu dute Mondrako neskek

Leire Kortabarria 2012ko urr. 8a, 10:00

Maritxuk ez zuen miraria egin, ez eta askorik lagundu ere Mondrako neskei, izan ere, oraingoan ere ezin izan dute etxean irabazi. Atzo Iruñeko San Juan taldea izan zuten lehiakide Mojategin, eta golik gabe bukatu zen norgehiagoka.

Lehenengo zatian, San Juan izan zen nagusi. Arrasateko neskek ez zuten aukera garbirik izan. Bigarrenean, "ondoxeago" irten direla uste du Andoni Ezkurra entrenatzaileak; hala ere, izan zituzten aukera apurrak ez zituzten gauzatu ahal izan. Azkenean, puntu banaketa, beraz, Mojategin.

Gehiago lor izan zitekeen

"Pixka bat triste eta pixka bat pozik", horrela sentitzen zen bukaeran Andoni Ezkurra. Pozik dago, azkenean, puntu bat poltsikoratu dutelako, horrek duen balioarekin; eta triste, "gehiago egiteko aukera" izan zutelako bere neskek. Dena dela, ez zuten nolanahiko lehiakidea aurrez aurre: "Sailkapenean goialdean ibiliko den taldea da San Juan; gol gutxi jasotzen ditu eta oso partidu estuak egiten ditu", baloratu du Andoni Ezkurrak.

Kontuan hartu behar da, gainera, talde berria eta gaztea dela: "Baja asko izan ditugu, eta aurtengo taldea, poliki-poliki, badoa maila hartzen". Errodaje pixka bat egin artean pazientzia izan beharko dute zaleek, eta konfiantza ipini neskengan. Bi partidu galdu, bat berdindu eta bat irabazi dute oraingoz, eta 10. daude euren taldean.

Ezustea ematera

Garaipen gosez daude Mondrako neskak; aukeran, etxeko zaleei garaipena eta ikuskizuna eman gura diete.
Datorren zapatuan, Osasunaren aurka, Iruñera joango dira. "Partidu zaila izango da; Osasunaren filialak talde onak, gogorrak izaten dira. Baina partidu guztiak desberdinak dira, eta gure asmoa ezustea ematea eta irabaztea da", esaten du entrenatzaileak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak