Mondrakoak "haserre" daude epaileak Mojategin egiten dabiltzan lanarekin

Xabier Urtzelai 2012ko urr. 5a, 11:19

Nahikoa da. Horixe pentsatu dute Mondrako zuzendaritzako kideek, eta aste barruan bertan epaileen komiteaz berba egiteko asmoa erakutsi dute, kexu formala aurkeztu baino azalpenak eskatzeko asmoaz. Astelehenean joango dira Donostiara.

Joan den denboraldian Mojategin egoera salagarri bat baino gehiago izan zen, baina taldearen joko-maila ere ez zen ona, eta bazirudien epaileen lanaz protesta egitea aitzakiak bilatzea zela. Baina domekan Oiartzunen kontrako partiduan gertatutakoak sumindu egin zituen Mondrako zuzendaritzako kideak –eta zale eta jokalariak zer esanik ez.
Hori ikusita, neurriak hartzea erabaki dute: "Ez dugu onartuko probokatzera datorren inor. Epaileek hanka-sartzeak izan ditzakete, guztiok moduan, baina domekako epaile-taldeak erakutsitako jarrera harroa ez dugu onartuko", adierazi digu Fernando Laspiurrek: "Pentsa, kontrarioak ere harritu egin ziren Mojategin ikusitakoaz. Oiartzungo zale batzuek esan ziguten ea zelan onartzen genuen halakorik".

Klubeko beste ordezkari bat, Ramon Azkarate, uste berekoa da: "Klub moduan azalpen bila joango gara Donostiara, ez delako hau gertatzen den lehenengo aldia. Mojategi ez da futbol zelai zaila epaileendako, hemen ez dira aparteko istiluak gertatu, baina epaile batzuk ez dira batere jarrera onaz etortzen, Donostiatik urrun dagoelako, edo ez dakigu zergatik, baina ez dugu adar-jotze gehiago onartuko".

Baldintzatutako porrota

Domekan Oiartzunek ez zuen berdegunean erakutsitako merituengatik irabazi, eta bai epaileek goitik behera baldintzatu zutelako partidua. Mondrak 8 jokalarirekin amaitu zuen lehia, epaileak Mikel Gonzalez, Txonan eta Markel Crespo egotzi zituelako –eta bederatzi txartel hori erakutsi.

Hiru kanporaketa horietatik Mikel Gonzalezena justua da, bi txartel hori ikusita joan zelako kalera. Baina jokaldi gogor bakar bat ere egon ez den partiduan hiru kaleratze egotea ez da normala. Txonan-ek atezainari ateko sakea nondik egin behar zuen adierazi zion, ez modu onean, baina ez zen txartel gorria erakusteko beste. Hori bai, taldeko beteranoei eskatu beharko zaie jokaldi askotan burua hotz mantentzen jakiteko, baina hori beste kontu bat da. Deigarria da kaleratzea, handiagoak entzuten direlako berdeguneetan. Baina Cresporen –2 zenbakia zeraman– kaleratzea txiste bat modukoa da, txiste txar bat. Epailea nahastu egin zen jokalariz, eta bigarren txartel horia zelakoan bidali zuen Arrasatekoa aldagelatara, aurreko txartel horia talde kontrarioko 2 zenbakiari atera zionean.
Hala, akatsa onartu beharrean epaileak aitzakia asmatu zuen, alegia, txalo egitearren kaleratu zuela Crespo. Partidu amaieran animoak bero-bero zeuden, eta aldagelatan bultzakadaren bat edo beste izan zen bi taldeetako jokalarien artean, eta hor ere epaileek ez zuten zentzuz jokatu, zuzendaritzakoen esanetan animoak lasaitzen lagundu beharrean harrotasunez jokatu zutelako, "jarrera probokatzaileaz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak