Josu Tornay: "Oso ona da Espainiako jokalari onenetarikoak gure txapelketa aukeratzea jokatzeko"

Ubane Madera 2012ko urr. 4a, 02:00

Josu Tornay ingeniariak (Bartzelona, 1971) dio xakera gerturatu eta ulertzen duena engantxatu egiten dela. Berak aspaldi egin zuen hori, 14 urterekin. Eta 26 urteko ibilbidearen ostean, argi dago ez dela batere damu. Kontrara, ahotsean igartzen zaio xakearekiko duen "engantxea"; eta beraren palmaresean du horrek isla: 1989tik, txapel bat baino gehiago bereganatu ditu.

1989an irabazi zuen lehen txapela, Kataluniako lehen kategorian. 1990ean, berriz, L' Hospitalet taldearekin taldeka izan zen garaile, bigarren dibisioan. 2000.ean hasi ziren hemengo garaipenak: Euskadiko Txapelketako txapeldun izan zen xake bizkorrean; 2001ean, taldeka Gipuzkoako txapelduna eta 2003an, berriz, III. Arrasate Hiria Torneokoa. Horiek ditu titulu nagusiak. Zeresanik ez, txikiagoak ere badituela, baina guk lekurik ez, guztiak kontatzeko. Orain, Arrasate Hiria Txapelketan dihardu lehian Arrasate-San Andres Xake Taldeko jokalari eta presidenteak.  

Ze traza du aurtengo Arrasate Hiria Txapelketak? Ostera ere Alejandro Franco garaiezin?

Bai, aurten ere badirudi Francorendako (profesionala da madrildar jokalari hori) txapelketa hau "paseo militarra" izango dela; eta aurten urterik errazena izango duela ematen du, gainera. Ze espero genuen David Astasiok (Gasteiz) aurre apur bat egitea, baina dagoeneko Astasiok puntu bat galdu du. Beraz, ikusten dena da Franco dabilela menperatzen bere partidak oso ondo, eta irabazteko numero guztiak dituela, nahiz eta oraindik txapelketaren erdia bakarrik jokatuta izan.  

Gauzak horrela, klubeko ohorezko kide egin beharko duzue Franco.

Egia esan oso gauza polita da halako jokalari batek, Espainiako onenetarikoak, beti gure txapelketa aukeratzea jokatzeko. Berari ere ondo etortzen zaio, Groseko torneoa eta beste batzuk ere orain tokatzen direlako. Edozelan ere, guretako gauza ona da berak gurekin jokatzeko erabakia hartzea. Asko laguntzen digu. Asko dakien pertsona da, esperientzia handia duena. Uzten digu berarekin jokatzen, berarengandik ikasten, eta bai, hala segituz gero, ohorezko kide egin beharko dugu.  

Xakean ere igartzen da krisia? Batez ere, txapelketa gutxiago jokatzen direlako-edo…

Igartzen da bi aldetatik. Batetik zailagoa da dirua lortzea torneoa antolatzeko. Eta diru barik ez da torneorik antolatzen. Ze saririk ez badugu ipintzen Franco, Astasio eta horiek ez dira etortzen. Eta jokalari fuerteak ez badira etortzen, torneoak zentzua galdu egiten du.

Hala ere, ildo beretik, esan beharra dago AUKEAk jarraitzen duela laguntasun handia ematen. Torneoak baditu urte batzuk,mundu honetan ezaguna da, Arrasatek hartu du izena, eta AUKEAk mantendu egin du bere konpromisoa eta hori eskertzekoa da. Baina beste babesle batzuek diru gutxiago eman ahal dute…

Bestetik, krisiak eragina du, baita ere, jokalari kopuruan. Izan ere, goi mailan jokalariak behar diren moduan, maila ertainetan ere behar dira. Eta azken urteotan jaitsi egin da jokalari kopurua. Ze txapelketetara joateko gasolina ordaindu egin behar da, izenematea, afaria batzuetan…eta ikusten da jende gutxiago mugitzen dela; 35etik 20ra-edo jaitsi da.   

Iaz Arlutzekin (Aretxabaletako taldea) batera lehiatu zineten, bi klubak bateratuta. Esperientzia positiboa izan zen?

Oso-oso positiboa. Beti izan gara oso lagunak eta ondo konpondu gara. Eta iaz, horrenbeste urtetan ideia horri buruz berba egin ostean, gaia dagoeneko helduta zegoen, eta berez, hala izatea tokatzen zen. 

Bi klub ditugu, bi egoitza, baina klubeko bizitza bakarra. Inork ez zuen erabaki hori zalantzan jarri. Eta horrek utzi zigun ekipo batzuk maila ezberdinetan mantentzea, goiko taldetan jokalariek atseden hartzea, eta gure kasuan (Arrasateko taldea) Euskal Liga berriro jokatzea. 

Uste dut ona izan zela denondako. Aretxabaletan jokalari oso gutxi baina oso maila altukoak dituzte. Eta guk jokalari gazte onak ditugu, eta baita ere, jende asko. Bateratzea oso esperientzia positiboa izan da, eta argi dago aurten errepikatu egin behar dugula. 

Indarrak batzea. Horretan ar    i dira beste klub asko.

Azkenean hori da bidea. Oso polita litzateke herri bakoitzean klubak izatea, baina kirol minoritarioetan ez da posible. Orain eskaintza oso zabala dago, jendeak kirol ugari egin dezake eta kirol minoritarioek geroago eta zailagoa daukagu bizirautea. Indarrak bateratzen, lortu dugu aktibitatea eta lehiakortasuna mantentzea. Ezin dugu ahaztu gaudela hiri guztietatik urrun dagoen tokian. Oso isolatuta gaude, eta gutxi gara. Bateratuta lortu dugu egotea Euskal Ligan, eta aurre egitea Bilboko eta Donostiako klubei.  

Bideojokoak, sare sozialak… zela erakarri, egun, gazte bat xakera?

Hurbiltzen direnak eta ulertzen dutenak, normalean gero engantxatu egiten dira. Arazoa lehen pausoa ematea da, ezagutzea apur bat. Baina ikusten dute xakeak aukera handiak dituela: lehiatzeko, lagunak egiteko, edozein adinekin denbora pasatzeko… eta berez polita da ulertzen duzunean, oso entretenigarria da.

Guk eguaztenero ditugu gazteak. Arratsalde osoa ematen dute jokatzen. 10-15 urteotan gabiltza hori egiten, eta bertatik atera ditugu oso jokalari konpetitiboak.  

Hortaz, gogora ekarriko dugu non zaudeten.

Bai, gaude Arrasateko Jose Luis Iñarra kaleko 32. zenbakian, Herri-Gain elkartearen gainean, Altamiran. 

Zeuen beste borroketako bat izango da, bada, xakea kirol jarduera dela onarraraztea…

Xakea xakea da. Guk erabakitzen dugu zer den eta zer ez den kirola. Gure asmakizuna da hori. Guk dioguna da xakeak kirol estrukturetan duela zentzua. Guk lehiatu egiten dugu. Zorteak ez du parte-hartzerik. Norberaren trebetasuna, jakinduria, ikasi duena, entrenamendua, esperientzia… da dena. Guretzat lehiaketa hutsa da. Ondorioz, kirol estrukturetan oso ondo sartzen da. Eta mundu mailan rankinga dugu, tenisean moduan. Are gehiago, tenisaren rankinga (ATP) xaketik dago kopiatuta. Eta mundu mailan hala dago onartuta. Munduan ez da halako zalantzarik sortzen. 

Zela ikusten duzu ibarreko taldeen etorkizuna?

Oso egoera zaila da. Krisia iraunkorra da. Etorkizun hurbilean paradigma aldaketa izango dugu. Errekurtsoak gehiago murriztuko dira. Gizartearen ohiturak ere desberdinak dira, eta klubeko bizia galdu egin da. Jende gutxiago dago gertu klub bat aurrera eramateko. Lehen beti zegoen jendea gertu halakoetarako. Orain ez. Eta hori ere arazoa da. Nik uste dut une honetan aukerarik inteligenteena dela indarrak batzea. Eta klubak bizirik daude jendearen konpromisoari esker, eta konpromiso hori berpiztu egin behar da moduren batean.     

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak