Iban Velascok ez du Euskaltelen jarraituko

Xabier Urtzelai 2012ko ira. 19a, 12:45

Astelehenean Harmailatik saioan izan genituen Iban Velasco eta Markel Irizar, eta besteak beste, bien kirol etorkizunaren gainean izan ginen berbetan. Irizarrek kontratua du Radioshack taldearekin, baina Velascori lasaitasun hori falta zitzaion, taldean txirrindulari asko daudelako etorkizuna zintzilik dutela. Hala, gaur goizean Deia egunkariak bota du albistea, Iban Velascok ez du Euskaltelen jarraituko, ezta Amets Txurrukak ere.

UCI World Tourrean jarraitzeko behar diren puntuak tarteko, Euskaltel Euskadiko arduradun Igor Gonzalez de Galdeano batera eta bestera dabil puntuak dituzten ziklistak fitxatu nahian. Kanpoko ziklistak. Ikustekoa da sistema horrek zelako mina egin dakiokeen Euskaltel moduko talde bati, filosofiaz aldatzera behartuta, eta euren buruarendako beharrean taldearendako lanean ibili diren ziklistak zigortuaz. Horietako bi dira, hain zuzen, Iban Velasco eta Amets Txurruka; lorpen propioak alboratu eta Samuel Sanchezendako, Nieverendako, Igor Antonendako... lan egin behar izan duten morroiak. Deia egunkariak gaur bota du albistea. Eta segituan zabaldu da olatua. Hain zuzen, Markel Irizarrek laguna lasaitu nahian zera esaten zion astelehenean: "Azken ordura arte ez dute kontratua berritzeko asmorik erakutsiko, baina taldean jarraituko duzue". Bada ez, antza ez da halakorik gertatuko, eta Oñatikoak ere ez du talde laranjaren erabakia ulertu.

Oraingoz, 12 ziklista

Euskaltel Euskadik une honetan 12 txirrindulari ditu taldean 2013 ikasturterako:  Samuel, Antón, Nieve, Izagirre anaiak, Landa, Sicard, Egoi Martínez, Pello Bilbao, Ricardo García, Sáez de Arregi eta Cabedo. Eta egunotan Taldeko zuzendari Igor Gonzalez de Galdeano beste ziklista hauekin berbetan dabil: Verdugo, Urtasun, Astarloza, Rubén Pérez, Alan Pérez, Azanza, Oroz, Mínguez eta Cazaux.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak