Egitarau oparoa txosnagunean

Ander Monedero 2012ko eka. 22a, 14:49

Iazko lanari jarraipena emateko asmoz, Arrasateko San Juan jaietako Txosna batzordeak txos-nagunea indartzeko hainbat ekimen antolatu ditu. Txosna batzordeko kideen esanetan: ''San Juanetan txosnagunean giroa indartzeko aukera dagoela uste dugu, eta, horregatik, ekitaldi gehiago eta hirugarren txosna jartzea erabaki dugu''. Hirugarren txosna hori 20:00etatik 00:00etara irekiko dute eta bertan afariak eskainiko dituzte. 

2012ko Txosna batzordea beste urte batzuetan baino herriko eragile gehiagok osatzen dute; guztira, bederatzi kultur eta kirol elkarte eta bestelako eragilek osatzen dute aurtengo Txosna batzordea. Antolatzaileek, herriko musika taldeei bultzada emateko asmoz, kontzertu guztietan Arrasateko talde bat sartu dute, eta, guztira, hiru izango dira: Los Cretinos, Garraxi eta Drop! Era berean, aurtengo jaietan Udal Gobernuaren laguntza azpimarratu nahi dute; izan ere, txosnetan egingo diren kontzertuetako taldeak ekartzeko Udalaren laguntza izan dute.

Aurtengo San Juan bezpera zapatuan denez, Txosna batzordeak, herritarrak eta kanpotarrak erakartzeko asmoz, ekainaren 22an, egubakoitza, herriko jaiei hasiera eramateko erabakia hartu du. Txosnen irekiera arratsaldeko seietan izango da, eta, ordubete geroago, 19:00etan, lehenengo ekitaldia izango da: Seber Altube plazan hasita, Ez gaz danok lelopean manifestazioa egingo dute eta gauean hiru kontzertu izango dira: Los Cretinos, Itziarren Semeak eta Bongo Botrako. Azken horiek Kataluniatik datoz, runba, ska eta reggae doinuekin, eta, besteak beste, Y chipirón, todos los días sale el sol... abesti famatuarekin. 

Ekainak 23, egun handia

Nahiz eta egubakoitza herritarrek gogoz hartu, San Juan bezperan etxean ez geratzeko eguna antolatu dute. 12:00etan, Arrasateko eskubaloi taldea aurtengo denboraldian egindako lan onarengatik –ia mailaz igotzea lortu dute– txupinazoa botatzeaz arduratuko da. Ekitaldi horrekin txosnaguneak jaiei hasiera ofiziala emango die, eta, horren ostean, erdiguneko tabernetan triki poteoa egingo dute.

Triki-poteoarekin sabelean zuloa egin ostean, koadrilen herri bazkaria egingo dute Uarkape pilotalekuan. Aurtengo bazkariak izugarrizko erantzuna jaso du; izan ere, hasieran 400 txartel salgai jarri zituzten, eta, egun bakar batean saldu zirenez, beste 200 txartel jarri zituzten salgai. Beraz, 600 pertsona bilduko dira bazkarian.

Eta bapo bazkaldu ostean, 600 pertsonak Dragoialde txarangaren laguntzarekin makala hartu, eta, makalarekin poteoa egin ostean, 18:30 aldera, Herriko Plazan makala igoko dute. Gauean, berriz, DJ Rude Bankak emanaldia eskainiko du gaztetxean.

Domekan, San Juan egunean, goiz hasiko dituzte ekintzak: goizeko zortzietan Esne beltza eta izeba mildredekin entzierrorako prestatuko dira; hau da, txokolatea eta bizkotxoa eskainiko dute gaupaseroekin batera indarrak hartu eta zezen-plazara joateko.

Zezenen ostean, txosnaguneak arratsaldea arte atseden hartuko du. 18:30etatik aurrera, Euskaraz Bizi arratsaldea egingo dute: Ferrerias kaleko plazatxoan murala egingo dute eta Euskaraz bizi nahi dogu, zuk zergatik ez? lelopean triki-poteoa egingo dute. Gauean, berriz, Garraxi, Liskarra eta Desorden taldeak arituko dira gaztetxeko oholtza gainean. 

Ekainak 25: koadrilen Eguna

Ekainaren 25a, astelehena, Koadrilen Eguna da, eta ekitaldiz jositako egitaraua antolatu dute. 14:30ean, Biteri kalean, Krisiaren aurkako bazkari autogestionatua. Zeuk iñ, zeuk jan bazkaria egingo dute. Bertan, herriko koadrilek eurek egindako bazkaria izango dute, eta, horretarako, 12:00etatik aurrera, SUDC elkarteko kideen laguntza izango dute: elkarteko kideek sua, lapikoak eta zartakinak jarriko dituzte. Beraz, koadrilek janaria eraman eta prestatu beharko dute, eta gero jan. Antolatzaileek aurrez izena emateko eskaera egin dute, udal langileek koadrila bakoitzeko mahai bat jartzeko eta SUDC elkartekoek koadrila guztientzako sukaldatzeko materiala eramateko. 

Bazkaldu ostean, giro berotzeko, karaokea egingo dute, eta ondoren, aurreko urtean harrera bikaina izan zuen Street Boulder txapelketa. Bertan, herriko eskaladazaleak erdiguneko zenbait monumentu eta etxetako fatxadak igotzen saiatuko dira. 

17:30ean, txosnagunean, Txatxilipurdiko kideen laguntzarekin gazteentzako jolasak egingo dituzte. Izan ere, 19:00etan Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldia izango da Monterronen, eta etxeko txikienak Euskal Herriko pailazo arrakastatsuenen emanaldiaren zain egongo dira, eta ume zein gurasoek itxaronaldi atsegina izan dezaten, Txosna batzordeak ekitaldi hori antolatzeko apustua egin du. Emanaldia hasi baino ordu erdi lehenago, Txatxilipurdiko eta txosnetako kideak ume eta gurasoekin batera Monterron parkera joango dira. 

Gauean, berriz, Drop!, Egurra ta Kitto eta Betagarri taldeen emanaldia izango da. Ekitaldi horrekin, Txosna batzordeak amaiera emango die jaietarako antolatu dituen ekitaldiei.

Egitaraua

  • Egubakoitza, ekainak 22: 

18:00 Txosnen irekiera.

19:00 Seberren hasita Ez gaz danok manifestazioa.

23:00 Bezperako Rock Festival: Los Cretinos, Itziarren Semeak eta Bongo Botrako.

  • Zapatua, ekainak 23:

12:00 Eskubaloi taldekoekin txupinazoa eta pregoia.

12:30 Txosnetan hasita triki-poteoa.

14:30 Koadrilen bazkaria.

17:00 Drogoialde txarangak girotuta makalarekin poteoa.

18:30 Makalaren igoera Herriko plazan.

01:00 DJ Rude Banka gaztetxean.

  • Domeka, ekainak 24:

08:00 Esne beltza eta izeba mildredekin txokolate-jana.

18:30 Euskaraz bizi arratsaldea: murala egin eta Euskaraz bizi nahi dogu, zuk zergatik ez? lelopean triki-poteoa.

22:00 Garraxi, Liskarra eta Desorden gaztetxean.

  • Astelehena, ekainak 25:

12:00 Koadrilen bazkaria prestaketa Kastañero plazan.

14:30 Zeuk iñ, zeuk jan koadrilen bazkaria.

16:00 Kraokea.

17:00 Herriko kaleetan Street Boulder txapelketa.

17:30 Txatxilipurdirekin umeentzako jolasak.

23:00 Azkena Dok/n Festibal: Drop!, Egurra ta Kitto eta Betagarri.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak