Ekintza ugari Umeen eta Gaztetxoen Festa egunean

Maialen Regueiro 2012ko eka. 22a, 14:16

San Juan jaietako egun bat herriko umeei eta gazteei zuzendutakoa izaten da, urtero legez. Hori ekainaren 25a, astelehena, izango da. Izan ere, Umeen eta Gaztetxoen Festa Eguna ospatuko da Arrasaten.

Egun horretarako ekintza asko antolatu dituzte Arrasateko Udalak, Txatxilipurdi elkarteak eta Arrasateko txosnaguneak. Aurten, urtero izaten diren ekintzak antolatzeaz gainera, ekintza berriak ere gehitu dituzte egitarauan, herriko gazte eta umeek egunaz goza dezaten.

Berritasunak

Urtero gertatzen den moduan, ekintza berriak egoten dira egun horretan. Aurten, besteak beste, Eguzki Laruri ongietorria 10:30ean egin beharrean eguerdiko hamabietan izango da, Biteri plazan. Gainera, Eguzki Laruri ongietorria egin ostean karaokea hasiko da plaza horretan bertan.

Aurtengo beste berrikuntza bat haurgunearen eta gaztegunearen gainekoa izango da. Izan ere, beste urte batzuetan, Biterin egon izan den haurgunea eta Zaldibarko gaztegunea 13:30ak arte egon izan dira. Aurten, ostera, 30 minutu gehitu diote jarduera horri, eta, horren ondorioz, 14:00ak arte egongo da bertan jolas egiteko aukera.

Arratsaldeko hitzorduetan ere berritasunak egongo dira. Izan ere, 17:00etatik 18:00etara, herriko umeentzako eta gaztetxoentzako jolasak eta tailerrak egongo dira Kondekua zelaian.

Gaueko berritasuna, aldiz, zezensuzkoaren irteera izango da. Izan ere, zezensuzkoa irtengo da 22:30ean, eta erdiko kaleetan zehar ibiliko da.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots

Euskal Herriko pailazo ezagunenak Arrasaten izango dira berriro ere San Juan jaietan. Dagoeneko laugarren urtea da jaietan Arrasatera etortzen direna. Aurreko urtean ezin izan ziren Haurren eta Gaztetxoen Festa Egunean izan, beste konpromiso batzuk zituztelako. Dena den, aurten ere Monterronen emanaldia eskainiko dute arratsaldeko zazpietan. Eta emanaldi hori amaitzen denean, Eguzki Laruri agurra egingo diote Monterronera bertaratzen diren herritarrek.

Eguna amaitzeko

Umeen eta Gaztetxoen Festa Eguna amaitzeko, azken urteetan ohitura den legez, Seber Altube plazan ikuskizuna ikusteko aukera egongo da. Bada, aurten, Ganso & Cia dira gonbidatuak, eta haiek Mediopelo ikuskizuna eskainiko dute, arratsaldeko zortzietan hasita.

Dena den, eguna ez da ekintza horrekin amaituko. Izan ere, gauerako hainbat kontzertu antolatu dituzte. Txosnetan, esate baterako, Betagarri, Egurra eta Kitto eta Drop talde arrasatearrek kontzertua eskainiko dute, gaueko hamaiketan hasita. Ordu berean, gainera, su artifizial ikusgarriak ikusteko aukera egongo da Santa Barbaratik, Astondoa pirotekniaren eskutik.

Su artifizialak amaitzen direnean, Herriko Plazan dantzaldia hasiko da Luhartz taldearen eskutik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak