Sanjuanetan falta ezin den makalaz ari gara. Urteroko eta aspaldiko ohitura da San Juan egunaren bezperako arratsaldean plazan makala jasotzea. 80ko hamarkada erdi ingurutik hona, herriko gazteak arduratzen dira enborra plazara eroan eta altxatzeaz. Arrasateko gazteek, baina, lehenengo aldian Aretxabaletakoen laguntza behar izan zuten, Jorge Zubizarreta eta Alberto Etxeberria arduratu ziren-eta arlo teknikoaz.
Makala jasotzeko polea sistema duela 20 urte inguru asmatu zuen Udaleko aparejadore izandako Manolo Añibarrok, eta gaur egun gazteek Añibarro bera eta Jose Luis Etxeberria Porru izaten dituzte aholkulari makala jasotzeko zereginetan.
Sua eta alkatearen dantza
Makala jaso eta handik ordu batzuetara, errementari-dantzaren doinuek hartuko dituzte Arrasateko kaleak. Hala, Lore Gazteak eta Arrostaitz taldeetako dantzariak kalejiran joango dira plazara, eta Portaloian ingurutxoa egiteko geratuko dira.
Plazara heldutakoan, ingurutxoaz eta polkaz gain, dantzaren atal esperoenetakoa etorriko da: alkatearen dantza, hain zuzen ere. Kukubiltxo taldeak egin eta iaz lehen aldiz erabili zuten dragoiak sua piztutakoan egingo du dantza Inazio Azkarragaurizarrek, milaka herritarren begiradapean. Errementari-dantza amaitutakoan, hala gura duenak suaren gainetik salto egiteko aukera izango du. Betiko ohiturak ez direlako galdu behar...