Antonio Murillo: "Arrasatek 25 urteotan eman digun guztia eskertu gura dugu; asko izan da"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko eka. 22a, 02:00

Herriko Plazan, Kajoi tabernako barraren bestaldean, 25 urte egin ditu Antonio Murillok (Arrasate, 1963), eta urteurreneko ospakizunak asteon amaitu dituzte. Arrasatearren aisialdia Arrasaten geratzea ezinbestekoa dela uste du, eta horregatik antolatu izan dituzte denetariko ekintzak urte hauetan guztietan.

25 urteotan asko aldatu da Arrasateko giroa?

Azkenaldian giroa beherantz badoa ere, duela 25 urte ez zegoen azken urteetan izan dugun girorik. Orduan tabernak 02:30 aldera ixten zituzten. Alde horretatik hiritartu egin garela esango nuke. Era berean, lehen, txikiteoa zegoen egunero eta orain, ez. Adin aldaketa ere nabaria da: lehen, jende nagusiak jartzen zuen giroa; hau da, giroaren guneak adineko jendeak zehazten zituen. Orain, berriz, gazteek agintzen dute. 

Urteurrena ospatzeko hainbat ekintza egin dituzue. Nola joan dira?

Joan den zapatuan Governors taldearen kontzertua arrakasta borobila izan zen, eta aurretik egin ditugun ekintzak ere oso ondo joan dira. Martitzenean izan zen urtebetetze eguna eta eguaztenean Txikitxu-Arrostaitz dantza taldekoek omenaldi txiki bat egin ziguten. Oso pozik gaude. Ekintzen helburua izan da herriari eman digun guztiaren zatitxo bat bueltatzea. Urtebetetzea gure artean ospatzea erraza da, baina ekintza horien bidez eskertu gura izan dugu 25 urteotan Arrasatek eman digun guztia; asko izan da. Urte asko direnez, lagun asko eta etsai batzuk ere egin ditugu. Gu onenarekin geratzen gara; eskerrik asko, lagundu diguzuenoi! 

Aurten, bereziki, baina betidanik antolatu izan dituzue ekintzak...

Jendeak pentsa dezake orain hasi garela ekintzak antolatzen, baina betidanik egin izan ditugu: kontzertuak, antzerki saioak... Kontua da maiztasun finko barik antolatu izan ditugula. 

Herriko Plazan egiten diren hainbat ekintzak zerikusi zuzena dute Kajoi tabernarekin. Zergatik?

Egindako irteera batzuetan ideiak hartu izan ditugu. Garagardo jaia ezagutu eta hona ekartzea pentsatu genuen, errugbikoekin batera. Gure ideia izan zen, baina haiek gauzatu dute. Ardo eta Gaztaren Egunarekin antzeko zerbait gertatu zen: hiru lagunen arteko irteera baten ezagutu genuen eta hemen egiteko lanean hasi ginen. Mondrakoei antolakuntza eurak eramatea proposatu genien, eta aurrera. Horrekin lortu gura duguna da herrian giroa sortuko duten ekintzak antolatzea. Jendea hemen badago, ostalariok horiek erakartzeko saiakera egin dezakegu.  Herritarrak Gasteizera badoaz, berriz, akabo. 

Sanjuanetan gaude dagoeneko. Dena gertu?

Bai. Aurten polita izan da Udala eragile ezberdinongana etorri dela egitaraua osatzeko orduan ideiak emateko. Guk geuk ere ekarpenak egiteko aukera izan dugu, eta hori oso polita izan da. Ideiaren batek aurrera egin du –denak gauzatzea ezinezkoa delako– eta programan jaso dira. Garrantzitsuena da hainbat herritar batu garela sanjuanei bultzada emateko asmoz, erakargarriagoak izan daitezen. Izan ere, jende askok merezitako oporrak hartzen ditu, baina herrian geratzen garenondako behar-beharrezkoa da parte hartzea. Bada, datorren urtean ere bide beretik segitu behar da. 

Argazkilaritza da zure zaletasun nagusia. Noiztik?

Anaiak bi urte gehiago ditu, eta jaunartzean argazki kamera bat oparitu zioten. Orduan piztu zitzaidan zaletasuna. Arrasaten argazkilari handiak daude; aspaldi, jende gazteaz osatutako ASA izeneko talde bat zegoen, baina desagertu egin zen. Lau lagunen artean irabazi asmorik gabeko elkarte bat sortu genuen eta duela zortzi urte liburu bat atera genuen hainbat argazkilariren ekarpenekin. Helburua izan zen argazkilaritzak erakartzen dituen lagun ezberdinak elkartu eta Arrasateko ahalik eta irudi politena ematea. Estatutuetan bertan jasotzen da helburuetako bat dela Arrasateren gainean dagoen pertzepzioa aldatzea. Orain, beste proiektu baten gabiltza, baina ezin dizut ezer aurreratu. Zenbait ikastaro ere eman ditut.

-----------------

Nire herriko onena: Herria bera gustatzen zait, ezberdina da. Ez da herri estereotipo bat: ez da turistikoa, baina era berean ez da lo dagoen herria, inondik inora. Hainbat aukera eskaintzen dizkit Arrasatek. Bestalde, hiria bera nola diseinatuta dagoen ere asko gustatzen zait; Erdi Aroko gunea eta langileen auzoak batzen dira metro gutxian.

Nire herriko txarrena: Orain bertan ez zait bururatzen gauza konkreturik Arrasatetik zer ez zaidan gustatzen esateko. Lehen, industria larregi zegoen herrian eta orain, gutxiegi, akaso. Bere garaian ez genuen jakin orekari eusten industriaren eta beste sektore batzuen artean. Orain, berriz, industria oso azkar ari da desagertzen. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak