Film europarrak ikusgai Arrasaten, Zineuskadi ekimenari esker

Usoa Agirre 2012ko eka. 18a, 13:52

Hamabost zinek osatzen dute dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoko udaletako eta hurbileko aretoen sarea, Zineuskadi, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak sustatuta. Sare horretan sartu da aurten Arrasateko Udala ere. Zineuskadik sarean diren aretoei zenbait aukera eskaintzen dizkie kalitate oneko Europako zinemaren zirkulazioa handitzeko, jatorrizko bertsioa sustatzeko eta euskaraz egindako zinema hobetzeko Zinema Euskaraz programaren bidez.

Horrez gain, topaketarako gune bat ere bada Zineuskadi, eta horixe bera azpimarratu digu Jon Garaik, Arrasateko Udaleko Kultura teknikariak: "Oraindik egiteko dagoen bidea da, baina sare honetan elkarrekin aritzeak indartu egiten gaitu. Informaziorako eta elkartrukerako gune bat da, eta Europan dauden esperientziak gertutik ezagutzeko aukera ere ematen digu". Izan ere, Zineuskadiri esker Europa Cinemas izeneko programara ere gehitu ahal izan da Arrasateko Udala eta Garai seguru dago fruitu onak emango dituela horrek.

Urrian, lehen fruituak 

Sarean dauden zineen arazoak aztertu eta plan estrategiko bat egingo du Zineuskadik eta, horretaz gain, programazioari, komunikazioari eta promozioari dagozkion zenbait ekintza burutuko dituzte sareko guztien artean. Horren lehenengo emaitza ikusi ahal izango da udazkenean, Lux sarietan azken hiru urteetan irabazle izan diren filmak emango baitituzte orduan. Europar Parlamentuak ematen ditu sari horiek, gizarte eta politika arazoak lantzen dituzten eta europar identitate sendoago bat sortzen laguntzen dituzten filmentzat.

Udazkenean, beraz, Lux sarietako azken hiru edizioetan irabazle izan diren hauek ikusi ahal izango ditugu Arrasateko Amaia antzokian: Las nieves del Kilimanjaro, Robert Guédiguianena (2011), La extraña, Feo Aladagena (2010) eta Welcome, Philippe Lioretena (2009).

Garai berrietara egokitzen 

2003an Alai zinema itxi eta 2004an hasi zen Arrasateko Udala zine komertziala eskaintzen Amaia antzokian. Jon Garaik kontatu digunez, orduan udaleko kultura arduradunek "garbi" ikusi zuten herriko zine eskaintzari eutsi behar zitzaiola, baina "beti ere kultura alderdia ahaztu barik". Harrezkero, zine komertziala (heldu eta umeendako) eta zineklubeko bestelako zinea eskaini dituzte Arrasaten. 

Azken bi urteetan ere aldaketak egin behar izan dituzte zinemetan. Izan ere, 35 mm-ko formatua atzera laga eta gerozeta gehiago dira formatu digitalean estreinatzen diren filmak. Horregatik, digitalizatu egin behar izan dituzte zenbait zine, tartean Arrasateko Amaia Udal Antzokia eta Oñatiko kultur etxekoa. 

German Meabebasterretxea Oñatiko Udaleko Kultura teknikariak esan digunez, zenbait abantaila ditu sistema digitalak: "Makina berriak posible egiten du filmak hiriburukoekin batera estreinatzea, beti ere banatzaileak nahi badu. Horretaz gain, zuzeneko ikuskizunak programatzeko aukera ere badago: opera, futbol partiduak... Hori oraindik baloratzeko daukagu udalean, baina beti zineari emango diogu lehentasuna". 

Ibarreko zinemak garai berritara egokitzen ari dira, ikus-entzuleei ahalik eta eskaintza onena eman ahal izateko. Denboraldia bukatu berri da orain eta datorren ikasturtera begira jartzeko unea iritsi zaie.

-----------------

Digitalizaziora salto egin dute

Arrasateko eta Oñatiko zine aretoetan urrats garrantzitsua eman dute aurten teknologia berrien alorrean. Izan ere, ekipamendu digitala erosi dute bi udalek, eta, horri esker, filmak ez ezik, beste era bateko ikuskizunak ere ikusi ahal izango dira antzokiko pantaila handian. Geroz eta film gehiago estreinatzen dira digitalean, eta horregatik egin dute bi herrietako antzokietan aldaketa hori.

-----------------

Ikusle kopurua mantendu egin da

Zine denboraldia bukatuta, aurtengoaren balorazio positiboa egin digute Arrasateko, Oñatiko eta Aretxabaletako kultura teknikariek. Arrasaten, adibidez, 14.662 ikusle izan ziren 2010ean, 5.731 umeen eskaintzan eta 8.931 helduenean. 2011n behera egin zuen pixka bat, zenbait astez itxita egon zelako Amaia Udal Antzokia lanen ondorioz, baina kopuru ona lortu zen orduan ere: 11.293 ikusle,  4.684 umeendako filmak ikusten eta 6.609 helduenetan. Aurten, berriz, lehenengo seihilekoan dagoeneko 11.537 ikus-entzule izan dira Amaia antzokian, 4.140 umeen filmetan eta 7.397 helduenetan. 3D sistema jarri izana ere ontzat hartu dute arrasatearrek, 2.567 ikusle izan baitira filmak modu horretara ikusten. Oñatin ere azken bost denboraldietan ikusle kopurua mantendu egin du: 10.000 eta 12.000 ikusle bitartean izaten dira denboraldi bakoitzean. Aretxabaletan ere azken urteotako ikusle kopurua mantendu egin da; umeendako eskaintzen diren filmek izaten dute han arrakasta handiena.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak