Ekaineko azokako berritasuna Bagara elkartearen eskutik dator, beraz. Honakoa da helburua: "Azoka biziberritzeko prozesuaren baitan, Arrasaten bizi diren jatorri desberdinetako etorkinen partaidetza sustatzeko, euren ekarpenak plazaratzeko eta bertako produktuen azoka berezia ezagutzera emateko". Zehazki, Pakistan, Venezuela-Kolonbia, Brasil eta Saharako janariak dastatu ahalko dira zapatuko azokan.
Ohiko postuak eta postu berriak
Postu berriak zein ohiko postuak izango dira. Arrasate eta inguruko baserrietako denboraldiko produktuak, baseriko ogia, gazta eta abar, denetariko produktu ekologikoak –haragia, barazkiak, ahuntz, behi eta ardi gazta, ogia, ardoa...–, Iparraldeko ahatearen eratorriak –foie, magret…–, mermeladak, arrautzak, berduren kontserbak, gozogintza, bidezko merkataritzako produktuak… Guztira 15 postu.
Horien artean, ohikoak ahaztu barik, etorri berriei aipamen berezia egin gura die Udaleko Enplegu eta Garapen Ekonomikorako sailak: Jakion, Harreman, Goiuri Gozogintza (Izarra), Arimasagastiberri (Idiazabal), Biourkizu (Zestoa) eta Arnabar (Behe-Nafarroa).
Zozketak hutsik ez
Eta azoka amaieran, beti moduan, baserriko produktu sortaren zozketa egingo da bertatik pasatako erosleen artean. "Ea zuri egokitzen zaizun oraingoan!", adierazi dute antolatzaileek, gonbita egiteaz batera: "Azoka eta gehiago, beraz, zapatuan goiz partean Seber Altube plazan. Hurbildu eta gozatu, eta bide batez, gure baserritarren produktuek eta ekoizpen sistemek aurrera egin dezaten lagundu".