Jean Marc Simon: "Gipuzkoak, abangoardian egon nahi badu, birplanteatu egin behar du errauste plantarena"

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko mai. 23a, 02:00

Europako Zero zabor (Zero Waste Europe) mugimenduko koordinatzailea da. Katalana. Formazioz ekonomialaria. Bartzelonan bizi da. Europako hainbat erakundetan jardun du, ingurumenaren, hiri hondakinen, birziklapenaren edota zero zabor filosofiaren alde lanean, eta urtetan Bruselan bizi izan da. Arrasaten izan zen joan zen astean berbaldia ematen.

Ametsa da zero zabor espiritua? 

Zero istripuak edo zero isurketak esatea bezain erreala da. Garrantzitsuena da helburu argi bat finkatzea. Eta inoiz ez aldentzea ezarritako helburu argi horretatik. Ahalik eta gehien birziklatzea eta, hori lortzeko, ekonomia birdiseinatzea: ekoizten den eta merkaturatzen den guztia, ondoren zela birziklatuko den aurreikusita izateko. Naturak egiten duena egitea izango litzateke. Naturak ez du hondakinik sortzen; gizakiok ere saiatu behar gara ahalik eta gutxien sortzen. Sortzen dugun guztia edo gehiena birziklatua eta konpost sortua izan dadila, isurketa toxikorik eragin barik.

Herritarrak prest leudeke horretan murgiltzeko?

Jakina! Jendeari benetan gauzak ondo azaltzen badizkiozu, erantzungo dizu ados dagoela, hori nahi duela. Jendeak ez du nahi erabat jasanezina den sistema bat. Ez du nahi kontsumismo basatian oinarritutako erabili eta botatzeko ekonomiarik. Gauzak ondo egiteko hobariak ematen badizkiozu, gehien kutsatzen duenak gehiago ordaintzen badu, gehien birziklatzen edo konposta egiten duena saritzen baduzu, gauzak beste norabide batzean jarriko dituzu. Zero zabor filosofia merkeagoa da eta ez du kutsatzen; ingurumena zaintzen du; aldaketa klimatikoa saihesten laguntzen du. Eta batez ere, lurretik, airetik… produktu kutsagarriak kentzea da helburua. Alergiak, minbiziak… saihesten lagun dezake. Etorkizun hobea dakar.

Bergaran, atez atekoa ezarri nahi duten herrietako baten, dagoeneko, 4.000 herritarren sinadura batu dituzte atez atekoaren aurka…

Zero zabor filosofia eta atez atekoa ez daude erabat lotuta. Esan nahi dut: zero zabor lortzeko ez da ezinbestekoa atez atekoa. Zero zabor ideiak edo filosofiak dio  ekonomia eredua aldatu behar dela, ahalik eta hiri hondakin gutxiena sortzeko. Horretarako sortu behar dira sistemak, %80rainoko birziklatze maila lortzea ahalbidetuko dutenak. Hau egin daiteke atez atekoaren bidez edo atez atekorik barik. Baina errazagoa da lortzea atez atekoarekin. Orain: inoiz ez ditugu lortuko %80ra arteko birziklatze tasak, jendeari hobariak ematen ez badizkiogu. Esaterako, gaur egungo sistemarekin ez dugu sekula lortuko, gauzak txarto egitearren herritarrei hobariak ematen dizkien sistema bat dugulako. Aldatu egin behar da.

Zergatik sortu da hainbat tokitan atez atekoaren aurkako iritzi edo jarrera hori?

Hein batean, gauzak politizatu direlako. Esaterako, Flandria birziklatze mailaren txapelduna da eta, han, herri eta hiri guzti-guztiek, hau da 308 hiri edo herrik, tamaina ezberdinekoek, atez atekoa darabilte. Eta, han, kolore askotako alderdi politikoek egin zuten bat sistemarekin: izan eskumakoak edo ezkerrekoak. Italian, 1.500 herri edo hiri baino gehiagotan darabilte atez atekoa eta, orain, Erroman, Torinon, Milanen… ere, atez atekoa jartzekotan daude. Europako legediarekin bat egiteko modurik eraginkorrena da. 

Noiztik daroatzate atez atekoarekin Flandrian?

Aspaldi dabiltza hiri hondakinen kudeaketarekin arduratuta, ahalik eta gehien birziklatzeko ahaleginean eta, esango nuke, 5 bat urte-edo badaroatzatela atez atekoarekin. Oso emaitza onekin. Gipuzkoako herrietan erabiltzen den ereduaren ezberdina da hango atez atekoa. 

Hondakinen kudeaketa eraginkorra egiteko, ahalik eta zabor gutxien sortzea eta gutxiago edo beste era batera kontsumitzea ezinbestekoa dela diozu. Horrek talka egiten du sistema kapitalistarekin, ezta?

Ez dut uste. Gehiegizko ekonomia honetan beste modu batera funtzionatzea da gakoa. Erabili eta botaren ordez, berrerabiltzea, esaterako. Produktuen iraupena murriztu egin da azkeneko urteotan eta hori ez da bidea. Kontsumo ohiturak berraztertu eta aldatu behar ditugu. Esaterako, produktu fisikoak oparitu beharrean, gauza inmaterialak oparitu: kontzertu baterako sarrerak e.a. Hau ez da kapitalismoa zapuztea, baizik eta beste sistema jasangarriago batera aldatzea. Beste era bateko jarduera ekonomikoak bultzatzea. Eredua aldatzeko hobariak ematearen aldekoa naiz. Esaterako, jendeak sortzen duen zaborraren arabera ordaintzea tasak; urarekin, argi indarrarekin edo telefonoarekin egiten dugun moduan.

Zergatik zaude errauste planten aurka?

Azaldu dudan guztiarekiko koherentziagatik. Baliabideak eskasak diren sistema baten, maximizatu egin behar da berrerabilpena eta materialen zikloa itxi egin behar da. Errauste plantak zera egiten du: materialak edo baliabideak hartu eta erre. Ikuspuntu energetikotik ere ez da logikoa plastikozko ontzi bat erretzea, trukean errekuperatuko duzulako oso gutxi. Logikoagoa da ontzi hori birziklatzea, emisioen %75 edo %80 errekuperatuko dituzulako. Argi dago: errauste plantak errekurtsoak erretzen ditu. Ez da belaunaldi berriendako irteera. Emisioak txikitzea baldin bada helburua, errauste planta ez da irtenbidea. Beste arrazoi bat: Europa hegoaldean lur arazoa dago, geroago eta lur lehor eta balio bako gehiago ditugu, eta konpostak eskaintzen du lur horiek aberatsago egiteko soluzioa.

Europan badira, hiri erdietan, gainera...

Uste dut aurreko agintaldian Gipuzkoarako planteatu zen proiektua erabat gehiegizkoa zela. 90eko hamarkadan izan zezakeen logikarik, Europako errauste planta gehienak ordukoak direlako. Baina, une honetan, esaterako, Holandan errauskailuak ixten dabiltza; hiri hondakinak inportatzen ditu Erresuma Batutik, errauste plantetan erretzeko. Alemanian ere antzera. Argi dago errauskailua ez dela etorkizuna. Danimarkan daude errauste plana gehienak eta estrategia aldatu dute han, denak ixten joateko. Gipuzkoak, hiri hondakinen kudeaketari dagokionez, abangoardian egon nahi badu, birplanteatu egin behar du errauste plantarena. Duela 20 urte balitz, akaso, baina egun beste norabide batetik doa hiri hondakinen kudeaketarena.

Errauste plantaren aldekoek, besteak beste, diote balorizazio energetikoa ahalbidetzen duela eta 60.000 gipuzkoarren argindar premiak aseko lituzkeela…

Bai, egia da argindarra sortuko litzatekeela Zubietako errauskailuan. Argindar gutxi, halere. Argindarra bai, baina berririk ez luke errekuperatuko Zubietakoak. Hortaz, planta horren inefizientzia nabaria da. Ez da kudeaketa modu egokia. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak