Doke antzerki taldeak paradisura eramango gaitu lan berriaz

Irati Goitia 2012ko mai. 17a, 21:26

'Paradisuko atean' da Arrasateko Doke Antzerki Taldearen lan berria eta ekainaren 1ean eta 2an egingo dute Amaia Antzokian. Josemari Velez de Mendizabalek idatzi du antzezlana eta Itziar Rekalde da zuzendaria.

Heriotzaren gaineko lana da Doke taldeak aurkezten duena eta istorioa beilatoki batean kokatzen da. "Pentsatu genuen gai aproposa zela aurtengo. Izan ere, bazeuden aurten mundua amaituko zela zioten hainbat iragarpen, tartean, maiena eta uste genuen egokia zela" esan digu Itziar Rekalde antzezlaneko zuzendariak.

Heriotzan oinarritutako kontakizuna izan arren, umore puntua duen antzezlana dela zehaztu digu Rekaldek: "Guk gaiak sakonki lantzen ditugu, baina aldi berean gure jarrera arina eta positiboa izaten da. Beraz, esan dezakegu, gure obrak atseginak izaten direla. Nahiz eta, beti gelditzen den barrenean zer pentsatu. Modu arinean, hausnarketarako bidea eskaintzen dugu".

Sarrerak salgai

Ekainaren 1ean eta 2an egingo dute antzezlana Doke taldekoek Amaia Antzokian. Dagoeneko sarrerak salgai daude honako taberna eta saltokietan: Ceciaga, Monte, Jaizale, Txukun, Muruamendiaraz, Zabaleta eta Lore. Sarrera 10 euro da.

Bestalde, bi egunetan,  sarrerak leihatilan bertan erosteko aukera ere egongo da ordubete lehenago.

Arrasatetik kanpora

Arrasaten ez ezik, beste zenbait herritan ere izango da Paradisuko atean lana ikusteko aukera, tartean, Aretxabaletan eta Aramaion. "Uda osterako beste zazpi bat emanaldi ditugu lotuta eta gehiago egiteko asmoa dugu" esan digu Rekaldek.

Zaletasuna sortzea

Antzezlaneko zuzendariak adierazi digu Doke Antzerki Taldearen helburua ez dela soilik jendeari euren lanak erakuste: "Antzerkia bera lantzea eta zaletasuna sortzea ere bada guk nahi duguna". Hala, urtero egiten dute  jendea euren antzerki taldera erakartzeko deialdia eta gaurko aurkezpena ere aprobetxatu dute horretarako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak