Los Galerna: "Surf instrumentaletik abiatuta, askotariko estiloak nahasten ditugu"

Ander Monedero 2012ko mai. 15a, 12:00

Los Galerna taldeak bigarren diskoa kaleratu berri du, eta, aurrekoan bezala, surf doinu klasikoen eta beste estilo askoren nahasketa egin dute.

Surfusion da Los Galernaren lan berria. Aurreko lanarekin alderatuta, zer eskaintzen du disko berriak?

Oraingo honetan, doinu klasikoa alde batera utzi gabe, bestelako doinu batzuk sartu ditugu. Taldeak ez du mugarik, estilo askotariko koktela egin dugu.

Saxoa eta harmonika sartu duzue.

Duela bi urte inguru Ibai sartu zen taldean. Saxofoia eta harmonika jotzen ditu eta abestiei ukitu berezia ematen die. Hasieran, saxofoi detaile batzuk sartu nahi genituen, baina orain, abestien doinu askotan saxoa da protagonista.

Diskoak 12 abesti ditu; noiz egindakoak dira?

En el Purgatorio lana grabatu eta gutxira abesti berriak egiten hasi ginen, eta azken abestiak disko berria grabatu baino hilabete batzuk lehenago egin genituen. Gero, estudioan zenbait konponketa egin genituen, baina estudiora etxeko lanak eginda joan ginen!

Zaila da abesti instrumentalei izenak jartzea?

Ez. Izenburu bakoitzak bere istoria dauka: Dale Fuzz! gure furgoneta omentzeko abestia da, kontzertuetan bizitako gauzak, abestiek transmititzen dituzten sentsazioak...

Aurreko diskoan bezala, Jon Rodriguezen El Purgatorio estudioan grabatu duzue.

Aspaldiko lagunak gara, soinu teknikari bikaina da eta harekin grabatzea plazer hutsa da. Surfusion lana lau egunean grabatu genuen Loranca de Tajuñan (Guadalajara) duen estudioan. Harekin etxean bezala grabatzen dugu, eta Jonek gure soinuan duen eragina ere nabarmendu nahi dugu.

Aurreko lanetik hona taldeak eboluzioa izan duela argi dago.

Bai, abestiak egiteko orduan esperientzia handiagoa dugu eta bi musika tresna berri ditugu. Surf instrumentaletik abiatuta, askotariko estiloak nahasten saiatzen gara eta geure buruari ez diogu mugarik jartzen.

Diskoa zuzenean grabatu duzue. 

Zuzenean grabatutako diskoak freskoagoak dira, taldeak zuzenean duen indar guztia diskoan sartzea lortu dugu.

CDa kalean da, baina biniloan ere kaleratuko duzue lan berria.

Geroago eta binilo gehiago saltzen dira, eta, horrez gainera, musika biniloan entzuteak xarma berezia dauka. Gaur egun, CDa erosten dutenek MP3ra pasatu eta ez dute gehiago CDa erabiltzen. Izan ere, aurreko laneko biniloak CDak baino askoz ere azkarrago saldu genituen.

Zapatuan aurkeztu zenuten lana.

Oraingoz, hiru kontzertu lotu ditugu. Lehenengoa zapatuan izan zen Arrasateko gaztetxean, hilaren 25ean Arrasaten ospatuko den St. Pauli jaian joko dugu eta ekainaren 1ean, Azkoitiko Matadeixen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak