Maialen Fernandez de Arroiabe: "Nire ametsa beti izan da berdina: egiten dudana eginda ere zoriontsua izaten jarraitzea"

Larraitz Zeberio Lekuona 2012ko mai. 9a, 02:00

Maiatzaren lehenean Arrasateko Kajoi tabernan izan zen Maialen Fernandez de Arroiabe (1983) modeloa. Jose Luis Tabueña argazkilari eta mutil lagunarekin batera hil osoan ikusgai egongo den erakusketa inauguratu zuten Kajoi tabernan.

Zure mutil lagunak egindako argazki erakusketa bateko protagonista zure herriko taberna batean. Osagai asko ekitaldiak zuretzat esanahi berezia izateko, ezta?

Bai, oso pozik nago, baina ez ni agertzen naizelako Jose Luisen argazkien artean, baizik eta nire mutilari, nire herrian, erakusketa bat egitea eskatu diotelako… Horrek ematen dit poza. Arrasatearrek Jose Luisen lana ikusteko aukera dute, baita publizitatearen munduan nola lan egiten dugun ikusteko ere. Ni ez naiz protagonista sentitzen, ni bere lanaren parte naiz. Bera da protagonista.

Lagun asko hurbildu ziren Kajoi tabernako ekitaldira?

Bai, lagun eta senitarteko asko. Familia giroan egon ginen. Oso gustura egon ginen; egun polita izan zen.

Sarri deitzen dizute hemendik gurean zer edo zer egiteko?

Bai, noizean behin deitzen didate, eta beti egiten dit ilusioa hemen lan egiteak. Aste bukaeran, esaterako, Bilbon izan naiz Forum-en kanpaina berrirako argazkiak eta bideoa egiten.

Askotan etortzen zara Arrasatera? Nola ikusten dituzu zure herria eta zure auzoa etortzen zarenean?

Bi hilean behin etortzen naiz gutxi gorabehera nire familia eta lagunak bisitatzera, eta oso gogoko dut Arrasatera etortzea, nire sustraiak hemen daude-eta!

Hiru asterako joan zinen Madrilera, eta bederatzi urte daramatzazu han. Hura da orain zure tokia munduan?

Gaur egun Madrilen bizi naiz, baina nire lana kontuan izanda, ez dakit datorren hilean non bizi naitekeen. Orain, gainera, Alemanian daukat agentzia. Seguruenik bertara joango naiz denboraldi baterako. 

Zer duzu eskuartean? Nondik nora zabiltza? 

Publizitate-modelo lanetan jarduten dut Madrilen, baina esan moduan Bartzelonan, Munichen eta Hanburgon ere badaukat modelo agentzia. Alemanian beste modu batera egiten dute lan; bezeroek bertatik bertara aukeratzen dituzte modeloak; booking directo deitzen da. Katalogo komertzialak eta iragarki asko egiten dira bertan, eta baliteke hemendik gutxira Alemaniara joatea denboraldi baterako.

Zure lanbidean lana egiteko ezinbestekoa da hiriburu handietara joatea?

Bai, hiriburuetan moda industria gehiago dago. Argi dago estatu mailan lan gehien Madrilen eta Bartzelonan dagoela. Bestela, atzerrira joan behar da.

Publizitate munduan ere krisi ekonomikoa nabari duzue? Zein da egoera?

Bai, zoritxarrez krisia arlo guztietan nabari da, eta publizitate munduan izugarri sentitu dugu. Lan gutxiago dago, eta aurrekontuek behera egin dute. Casting gutxiago daude, eta lan gehiago egin behar da lehengo dirua irabazteko. Gauzak asko aldatu dira gurean ere.

Eta konpetentzia handia da?

Bai, baina bat ohitu egiten da konpetentziara. Azkenean produktu bat gara, eta ez gara ez besteak baino hobeak ez txarragoak. Daukazuna ahalik eta gehien potentziatu behar duzu, eta azkenean ez da fisikoa bakarrik; zelan lan egiten duzun, arduratsua zaren, profesionala zaren...

Casting-ak gogorrak dira?

Asko! (Barre). Madrilen hiru bat eguneko casting-ak egiten dituzte! Bezeroak argi badauka zer nahi duen azkar doa, baina ez bada horrela... Hiru ordu inguru egoten naiz casting askotan!

Eta hain lehiakorra den zuen munduan lagunak badaude?

Ez dira egongo ba! Konpetentzia lanbide guztietan dago, ez bakarrik gurean. Kontu hori, gainera, pertsonarekin doa; nik jende oso jatorra ezagutzen dut, lagun handiak ditut.

17 urterekin hasi zinen publizitate-modelo lanetan. Gustura zaude ibilbide horrek emandakoarekin?

Bai, oso gustura nago. Egia da gazteagoa nintzenean proposamen interesgarri askori bizkarra eman niela, baina denborarekin ulertu dut momentu hartan ez nengoela prestatuta pausu haiek emateko. Bartzelonan hasi nintzen 17 urterekin, baina ikusi nuen ez nengoela prestatuta, eta itzuli egin nintzen kazetaritza ikasketak egiteko. 20 urterekin joan nintzen Madrilera. Orain, esperientzia asko hartu dut, jende askorekin lan egin dut, badakit zer egin behar dudan, eta ez dakidanean badakit galdetzen ere... Horrek ziurtasun bat ematen dizu. Helburua da bezeroa gustura geratzea.

Berriz hasiko bazina eta gaur egun duzun eskarmentuarekin aldatuko zenuke zer edo zer?

Ez, ez nuke ezer aldatuko, zeren gaur egun naizena urte hauetan izan ditudan bizipen guztiei esker da, eta nahiz esperientzia zoragarri askoz gozatzeko aukera izan dudan argi daukat momentu txarrak izan direla nire eskolarik onena.

Euskalduna Madrilen. Ezaugarri horrek gauzak modu berezian ikustea eta bizitzea ekartzen dizula uste duzu?

Nik euskaldun bat munduan esango nuke, zeren nahiz eta Madrilen bizi beti nabil alde batetik bestera. Egia esan, beti mantendu naiz fidel etxean erakutsitako printzipioekin eta balioekin. Ez dut inoiz nire jatorria ahazten, eta nahiz eta pertsona bezala asko eboluzionatu dudan, nire esentzia beti izango da berdina.

Eta zure ogibidean euskaldun asko zarete Madrilen? Baduzue harremanik?

Bai, euskaldun asko gara mundu honetan lanean, bai kamera aurrean eta baita atzean ere. Ilusio handia egiten dit beraiekin elkartzen naizenean, nola ez! Modelo, aktore, errealizadore, argazkilari, estilista… euskaldun asko ezagutzen ditut.

Ezagutzen zaituztenek diote ospeak ez zaituela itsutu. Lana, ikasketak... lana egin duzula gogor. Lagundu dizu horrek?

Ospeak? Ni ez naiz ospetsua, eta hori ez da inoiz nire helburua izan. Nire desioa beti izan da berdina: pertsona bezala garatzea eta egiten dudanarekin gustura sentitzea. Argi daukat zerk egiten nauen zoriontsu eta "tontakeriek" ez naute inoiz liluratu.

Etxetik kanpo oso gaztetatik. Zer eman eta kendu dizu horrek?

Eman, asko eman dit; munduan zehar bidaiatzea, pertsona interesgarriak ezagutzea, esperientzia ahaztezinak bizitzea… eta batez ere, nire buruarekin oso kontentu sentitzen naiz, lortu dudan guztia nire kabuz lortu dudalako. Kendu? Ba beharra izan dudanean askotan ez ditut nireak alboan izan besarkatzeko, eta berotasun falta hori batzuetan latza da. Hala ere, momentu horiek eragin dute ni pertsona gogorragoa izatea.

Zeintzuk dira orain zure ametsak? Zertan ipintzen duzu zure ahalegina?

Egia esan, nire ametsa beti izan da berdina, egiten dudana eginda ere, zoriontsua izaten jarraitzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak