Idoia Urrutibeaskoa: "Debagoienean asko ikertzen da, eta kalean ere horretaz hitz egiten da"

Leire Kortabarria 2012ko mai. 8a, 02:00

Mondragon Unibertsitateko zenbait irakaslek antolatuta, Materialen Zientzia eta Teknologiaren I. Kongresua egin dute maiatzaren 3an eta 4an Garaian; lehenengo aldiz egin da halako kongresu bat euskaraz. Idoia Urrutibeaskoa izan da antolatzaileetako bat.

Zelatan bururatu zitzaizuen kongresu hori antolatzea?

Behin, beste kongresu baten, Espainian, elkartu ginen euskaldun pare bat eta, gure ikasleak euren hitzaldiak egiten entzun ondoren, irten ginenean, CEITeko ikertzaile Joxe Mari Rodriguez-Ibaberekin komentatu nuen gure ikasleek hobeto egiten zutela euskaraz, gaztelaniaz baino. Hortik sortu zen ideia. Urte bat edo bi pasa dira baina, azkenean, lortu dugu antolatzea.

Euskaraz halako ezer ez da lehenago egin?

Kongresu formal gisa, ez. Orain 11 bat urte, Udako Euskal Unibertsitatean, euskal fisikarien topagune bat izan zen, baina barrurako izan zen, batik bat.

Eta zuen kongresuak arrakasta izan du…

Bai, guk uste baino arrakasta handiagoa. Espero genuen 20-30 bat lagun batzea, eta harrituta geratu ginen, non lehenengo deialdia zabaldu zenean 53 lan ailegatu ziren. 

Zientziaz eta teknologiaz gabiltzanean, beti gaztelaniazko terminologia etortzen zaigu burura, baina euskaraz hezitako profesionalak badaude, ezta?

Bai, horixe, eta egin daiteke euskaraz lan. Izan ere, zenbait ikerkuntza-taldetan, euskaraz hitz egiten dugu gehienbat. Hiztegiarekin beti dago zailtasuna, baina gaztelaniarekin ere gertatzen zaigu; askotan ingelesera jotzen dugu. Agian euskararen egoera zailagoa da, modu formalean hitz egiteko ohitura ez duelako jende gehienak. Hala, kongresuaren beste helburu bat izan da hiztegi tekniko bat finkatzen hastea, denok ados ipinita.

Materialen gainean ikertzeak ze garrantzi dauka?

Handia. Gure industriaren zati handi bat gauzak fabrikatzea da: EAEko industria-lanpostuen %28 fabrikaziokoak dira. Bada, fabrikazioaren oinarria materialak dira. Dena dago materialekin lotuta: adibidez, mahai bat erabiliko den lanerako eta helburuak betetzeko egokia izan dadin, edo forma jakin bat izan dezan…materialekin egin behar da lan.

Nolakoa dator etorkizuna?

Oso momentu berezian gaude, eta nik uste dut material berriak agertzen joango direla, orain artekoak ordezkatzeko. Elektronikan, 50-60 bat urtean, silizioaren garaia bizi izan dugu, baina orain beste material batzuk aztertzen dabiltza. Bestalde, elektronika minimizatzeko materialak asko garatu dira: adibidez, telefonoak, txikiak eta arinak izan daitezen baina, era berean, prestazioak izan ditzaten. Edo medikuntzan, orain arte, hezurrak apurtzen zirenean, titaniozko iltzeak sartzen ziren, eta handik hilabeteetara berriz ireki behar zen, iltzeak ateratzeko; orain, pixkana-pixkana desagertuko diren materialak ikertzen gabiltza.

Debagoienean ikertzen da?

Bai, horixe. Hemen dugu unibertsitate bat, eta zenbait zentro ere bai: Ikerlan zentroa eta enpresen ikerkuntza zentroak –Edertek, Stirling… Gainera, bisitan etortzen zaizkigunak esan izan digute ikerkuntza kalean dagoela, kalean ere horretaz hitz egiten dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak