Aiert Zubigarai: "Tailerraren ideia sorkuntza bultzatzea da, ez marrazketa"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko mai. 9a, 10:00

AEDren Literaturjauzien hirugarren edizioaren barruan, Aiert Zubigara elorrioarrak komikigintza ikastaroa eskainiko du. Hala, komikigintzan hasi nahi dutenek aukera paregabea izango dute maiatzaren 12an hasi eta 19era arte Arrasaten. Aiert Zubigarai komikigilea izango da klaseen zuzendari eta, esan duenez, adin guztietarako tailerra da prestatu duena. Tailerra AEDn izango da, 10:00etatik 14:00etara. 5 euro ordaindu beharko da matrikula. Izen-ematea zabalik dago oraindik: 943771228 telefono zenbakira deituta edo 'aed@aedelkartea.com' helbidera idatzita. 

Zuzenduko duzun ikastaroa hasiberriei dago zuzenduta?
Hori da. Ez dugu hau perfekzioa bilatzeko antolatu,  komikigintzan hasi nahi dutenentzat egin dugu. Komikigintza artistikora eta sorkuntzara bideratuta egongo dira tailerrak, batez ere.

Zer da, labur esanda, ikastaroan landuko duzuena?
Gehienbat ariketak izango dira, sorkuntzara bideratuak. Ikasleek aldizkariekin eta testu ezberdinekin colagge antzeko bat egin beharko dute, istorio bat sortzeko duten gaitasuna piztu eta bultzatzeko. Gainera, pertsonaien sorkuntzan zentratuko gara, espresioen eta mugimenduen lanketaren bidez.

'Storyboard' moduko zerbait egingo duzue?
Ez. Storyboard-a aurretik sortutako narrazioari marrazkiak jartzean datza. Guk nahi duguna marrazkien bitartez narrazioa bultzatzea da.

Aurretik ikastarorik eman al duzu?
Egia esanda, hau da lehena. Eta beraz, erronka pertsonal modura hartuko dut. Irakastea bi bider ikastea dela diote. Hori kontuan hartuta antolatu dut ikastaroa, ideia onenak hartu eta horiek komikigintzan hasten ari diren pertsonei egokitzeko.

Zergatik gomendatuko zenuke ikastaroa?
Lehenik eta behin, aberasgarria izango delako. Edozein pertsonak har dezake parte tailerretan, hau da,  marrazketan maila berezirik ez da behar. Gainera, istorio, ideia edo dena delakoa kontatu nahi duenarendako oso bide baliagarria izan daiteke komikia. Azken finean, komunikaziorako tresna paregabea da. Ideia nagusia sorkuntza lantzea da, ez marrazketa bakarrik. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak