Euskara sarean kokatzeko saioa Garaian

Goiatz Arana Begiristain 2012ko api. 17a, 20:36

Azken hilabeteetan Emun Kooperatibak hausnarketa bideratu du enpresen sareko hizkuntzen inguruan eta, hausnarketari segida emateko, jardunaldia egin dute gaur –martitzena– Arrasateko Garaia Berrikuntza Gunean. Dela ikuspuntu soziolinguistikotik, marketingekotik edo teknologikotik, hizlariak euskara sare sozialetan kokatzeko ahaleginean aritu dira.

Bezero zehatz batzuen kezkari erantzunez hasi zen aztertzen Emun Lana Euskalduntzeko Kooperatiba enpresek sare sozialetan zein hizkuntza erabili behar zituzten, epe motzean edozein enpresaren kezka izango dela pentsatuta.

Hausnarketa horri jarraipena emanez, goizean Garaian egin duten saioan, sareko estrategia linguistikoa zehazterako orduan zertzuk hartu behar diren kontuan azaldu dute, besteak beste; izan ere, sare sozialetan lehen urratsak ematerako orduan, hizkuntzaren gaian pentsatu gabe hastea izaten da, maiz, akatsik ohikoena. Horregatik, enpresek horren gainean hausnartu dezaten gura dute, sare sozialetan hizkuntza bat edo beste erabili erabakitzerako orduan kontuan izan ditzaten merkatua eta helburuak, baina ahaztu gabe hizkuntza bat edo beste erabiltzeak badituela bere ondorioak, hiztun guztiek dutelako harreman afektibo bat hizkuntzarekin.

Aukera "limurtzaileak"

Ildo horretan, marketingaren alorrean lanean diharduen Joseba Kamiok azaldu du hizkuntzek ematen dituzten aukera "limurtzaile" horiek aprobetxatu behar direla komunitatea eraikitzeko, engagement-a edo engainamendua lortzeko eta, azkenean, komunitate hori enpresaren markaren eramaile izateko sare sozialetan, hori delako sare sozialetan egin behar den marketingaren bultzada.

Webgunea eta sare sozialak

Baina estrategia linguistikoa zehazterakoan, ez dira gauza bera webgunea eta sare sozialak, funtzio ezberdinak dituzte. Baina sare sozialetan egiten den lanak webguneen egokitze bat ekarri behar du pixkaka, arkitekturaren aldetik, diseinuaren aldetik eta helburuen definizioaren aldetik, azken batean webguneetan marketing konbertsioa ematen delako.

Euskararen tokia

Euskarak leku batzutan betetzen duen funtzioa kunplitzekoa baino ez da, beste batzutan hori baino dezente aktiboagoa, eta beste batzuetan preferentziazkoa eta, hor, euskaraz bizi den komunitateak jarduera oso aktiboa dauka sare sozialetan.

Euskararen normalizazioan dabiltzanak kezkatuta daude sare sozialek bide horretan izan dezaketen inpaktuarekin; bestetik, enpresek badakite hizkuntza bat edo bestea erabiltzeak ondorioak dituela afektibitate aldetik eta, horregatik, denak dabiltza –batzuk soziolinguistika ikuspuntutik, beste batzuk marketingetik eta beste batzuk teknologiaren alorretik– euskararen kontua kokatu nahian.

Guztiak bat etorri dira, hori bai, marka bat Interneten zabaltzerakoan, hizkuntza dena delakoa dela ere, estrategia bat izan beharra dagoela esaterakoan.

Mondragon Unibertsitateak, EITBk eta Kutxak euren esperientziak azaldu dituzte.

#sarekohizkuntzak hashtagaren bitartez jarraitu da saioa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak