Xabier Latorre: "Benetako parlamentua zirudien"

Arritxu Barruso 2012ko mar. 4a, 01:00

17 urte dituzte, baina nazioarteko gizarte eta politika gai potoloak eztabaidatu eta defendatu behar izan zituzten joan den zapatuan, eta ingelesez, gainera. Arrasateko Arizmendi eta Bergarako Aranzadi ikastoletako ikasleez ari gara berbetan. European Youth Parliamentek (Europako Gazte Parlamentua) urtero Europa mailan antolatzen duen lehiaketa edo batzarrean parte hartu zuten.

Aranzaditik talde bakarra joan zen eta Arizmendi Ikastolatik, bi: Gaztelupekoa bat eta Almenekoa bestea. Bada, azken horiek bigarren postuan geratu ziren, eta apirilaren 25ean Sitgesen egingo den Estatu mailako kanporaketan parte hartuko dute.

Udaberri arabiarra berbagai
MUko Eskola Politeknikoa parlamentu bilakatu zen egun batez zapatuan. "Antolakuntza ikusgarria izan zen. Dena oso modu serioan antolatuta zegoen, denborak ondo neurtuta... Benetako parlamentua zirudien", kontatu digu Arizmendiko irakasle Xabier Latorrek. Haren taldeak udaberri arabiarraren gainean hitz egin behar izan zuen. "Gaia aukeratu genuenean nik ez nekien zer zen ere, baina oso interesgarria izan da gaian sakontzea. Oso gertakari garrantzitsua izan da eta asko ikasi dugu", kontatu digu taldeko kide Ainhoa Letek.

Taldean sei kide diren arren, hiru bakarrik joan ahal izango dira Sitgesera: Miren Perez, Ayla Manzanales eta Sinead Nelson. Gainontzeko taldekideek konfiantza guztia dute haiengan. "Uste dut taldeko aproposenak direla, ingeles mailarengatik, eta baita jakituria mailagatik ere. Gauzak ondo prestatuz gero Sitgesen lan ona egin dezaketela uste dut", esan digu Letek. Apirilaren 25ean Arrasaten egon arren, burua Sitgesen izango dutela azaldu digu. 
Oraindik edukiak lantzen hasi ez diren arren, baikorrak dira, eta, Sitgesen gauzak ondo eginez gero, Europan izango dute hurrengo hitzordua gure parlamentariek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak