Hondakinen kudeaketak eztabaida handia eragin du osokoan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko abe. 21a, 16:59

Atzoko ezohiko osoko bilkuran mozioek eragin zuten eztabaida gehien. Eta mozioen artean, zalantza barik, hondakinen kudeaketa sistema izan zen gai korapilatsuena. Talde sozialistak aurkeztutako mozioaren harira sortu zen eztabaida: PSE-EEk bosgarren edukiontzia defendatzen jarraitzen du eta Bilduk, berriz, atez ateko sistemaren aldeko apustu irmoa dauka. PSE-EEk eta EAJk mozioaren alde (8) bozkatu zuten eta Bilduk eta Aralarrek, berriz, kontra (12).

Hondakinen kudeaketaren gaia pil-pilean dago. Talde sozialistak bosgarren edukiontziaren aldeko apustua berretsi zuen atzo eta Aritz Arrieta bozeramailearen arabera, atez ateko sistema "osasungarritasunean, erosotasunean eta eraginkortasun ekonomikoan" atzerapausoa da.

Bilduk, berriz, ingurumena eta osasuna gutxien kaltetzen duen sistema dela uste du eta gogoratu dute zaborraren kudeaketa sortzen duenaren ardura dela, hau da, ez dela borondate kontua.

Iraia Sola Bilduko bozeramaileak Debagoienean ditugun bi adibide jarri zituen mahai gainean: Aretxabaletan bosgarren edukiontziaren sistema dago eta, Solaren arabera, Antzuolan, biztanleak hiru aldiz gutxiago izanik, gehiago birziklatzen da: "Hori datu esanguratsua da benetan", adierazi du.

Presoen eskubideen aldeko mozioa

Bestalde, Bilduk presoen eskubideen aldeko mozioa aurkeztu zuen. Orduan ere eztabaida sortu zen talde sozialista eta udal gobernuan daudenen artean. Inazio Azkarragaurizar alkateak amaitu zuen esanez "aro berri" baten gaudela: "Baina badirudi zuek ez zaretela ohartu, oraingoz gatazkarekin konponbidean aurrera egiteko borondaterik ez duzue-eta erakutsi".

Mozioa onartu egin zen Bildu eta Aralarren aldeko botoekin (12), EAJren abstentzioarekin (4) eta PSE-EEren kontrako botoekin (4).

Azkenik, EAJk etxebizitza babestuen salmentaren inguruan beste mozio bat aurkeztu zuen. Onartu egin zen, EAJ eta Aralarren aldeko botoekin (5), Bilduren abstentzioarekin (11) eta PSE-EEren kontrako botoekin (4).

Aurrekontuak hurrengo osokoan, hilaren 26an (18:00)

Egun gutxitan beste ezohiko pleno bat egingo da, 2012rako aurrekontuak onartzeko. Aurrekontuak gaurko plenoan sartzea zen hasierako asmoa, baina azkenean datorren astelehenean egingo da horretarako osoko bilkura; hilaren 26an, 18:00etan. Hori izango da, beraz, urteko azken osoko bilkura.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak