Josu Pereda: "Asmoa da 2013 erdialderako prest egotea Epeleko konpost planta"

Amaia Txintxurreta Guridi 2011ko abe. 7a, 01:00

Poliki-poliki ari dira zehazten hondakinen kudeaketari dagokionez Debagoieneko Mankomunitateak dituen asmoak: konpost planta Epelen hondakin organikoarentzat, eta hori eta beste gaiak bereizita biltzeko atez ateko sistema; aurretik bestelakorik esan bazen ere, agian, konpost planta prest egon aurretik ezarriko dena gainera.

Konpost planta egingo da Epelen. Hasita daude lanak?
Bada, bai. Badira hilabete batzuk lehenengo kanpaina bat egin zela azterketa geologikoa egiteko, eta gaur egun ari dira zehaztasun gehiagorekin egiten zundaketak, geologikoki eta lurrazpiko urak- eta aztertzen, ikusteko non eta nola egin konpostaje planta.

Eta eraikitze lanak, noiz hasiko dira?
Orain arteko jabeei lurrak erosi zaizkie. Abendu bukaeran izango da notaritzan eskrituren sinadura-eta; pentsatzen dut datorren urtean hasiko direla lanak eta urtebete edo urte eta erdiko epean amaituta egongo direla. 2013 erdialderako edo agian lehenago bukatuta egongo den esperantza dugu, hori desio dugu.

Nolakoa izango da Epeleko planta?
Alde batetik joango da konpostaje zentroa eta transferentzia gune bat, garraiatu beharreko materialak batetik bestera pasatzeko, eta, bestetik, bilketarako kamioientzat garaje bat; baita langileendako aldagelak, bulegoak... horiek ere bertan egongo lirateke. Hortaz, bi zati izango lirateke: lehena garajea-eta, eta hori Mankomunitatearen esku egongo da, bai proiektua eta bai obra; eta bestea, konpostaje zentroa eta transferentzia zentroa, Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kontsortzioaren esku egongo da  eta eurek kudeatuko dute proiektua, obra eta guztia.

Zenbat hondakin hartuko ditu?
Aurreikusita dago 5.000 tona hondakin organiko hartuko dituela urteko. Errendimendua izaten da %20-25ekoa. Beraz, irtengo lirateke 1.200-1.300 kilo konpost urteko.

Eta nola dago atez ateko hondakin bilketaren gaia?
Planifikazioa egiten ari gara. Datozen bi hilabeteak nahikoa erabakigarriak izango dira planifikazioari dagokionez, epe batzuk bete beharko ditugulako hurrengo esleipenerako, baldin eta esleipenik baldin badago, hori ere erabakitzeko dugu-eta.

Atez atekoa nola ezarriko da Debagoienean?
Gauzak erabaki gabe daude oraindik, baina asmoa izango litzateke atez atekoa ahalik eta azkarren ezartzea gure bailaran eta denboran gehiegi ez luzatzea ezartze hori. Eztabaidan dagoen gaia da eskualde osoan batera ezarriko den edo bi fasetan egingo den. Baina, behar bada, bi fasetan egingo da: lehenengoan sartuko lirateke Oñati, Bergara eta, nahi izanez gero, Elgeta; bigarren fasean sartuko lirateke Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzaga.

Noizko izango da hori?
Asmoa da 2013an hastea ezarpenarekin. Ez dugu argi konpostaje zentroa amaituta egongo den ordurako edo lehenago ezarriko den hondakinen atez ateko bilketa sistema.

Lehenago esan zenuten konpostaje planta martxan jarri eta gero ezarriko zela atez atekoa; orain, berriz, diozue posible dela konpost planta bukatu gabe egonda ere atez atekoa martxan jartzea. 
Aurretik esan bagenuen aurrena konpost zentroa amaitu beharko zela izan zen biltzen den hondakin organiko horrek leku bat izan behar duelako tratatzeko. Baina Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kontsortzioa negoziazioetan ari da eraman ahal izateko Iparraldeko konpost zentroren batera edo Nafarroako beste batera gure bailarako zentroa bukatu bitartean. Nolabaiteko urgentzia dago herrietan atez atekoa jartzeko; beraz, baliteke konpostaje zentroa egin aurretik ere ezartzea, aipatutako zentro horietara eraman badaiteke materia organikoa.

Mankomunitateak erabakita du  Debagoieneko herri denetan ezartzea atez atekoa; baina udal bakoitzak du azken hitza?
Konpetentzia udal bakoitzarena da. Gertatzen dena da, gure bailaran udal guztiek dutela eskumen hori mankomunitatearengan delegatuta. Beraz, mankomunitateak erabakitzen du nola bildu behar diren hondakinak gure eskualdean. Horrek ez du esan nahi ados ez dagoen herri batek ezin duenik mankomunitatea utzi eta berak nahi duen sistema ezarri. Baina mankomunitatean jarraitzen duten bitartean, nik uste, mankomunitatearen erabakiak onartu behar dituztela herri guztiek. Ados egon ez ezkero aukera dago mankomunitatetik irten eta gestioa norberak egiteko nahi duen sistemarekin.

Orain arte ezagutzen dugunarekiko, hobekuntza edo aldaketarik izango du atez ateko sistemak Debagoienean?
Badaude zenbait gai selektiboki batzen direnak, arazoren bat eman dezaketenak zintzilikarioen bidez batzeko. Aztertzen ari gara, Antzuolan egin den moduan eskatu duten atarietan gurpildun edukiontzi txikiak jartzea papera eta kartoia batzeko, ea horrek balio dezakeen beste herrietarako ere, ea alternatibarik dagoen zintzilikarioez gain. Hasiera baten, behintzat, paperarekin ikusten da arazo handiena zintzilikarioak jartzerako orduan.  

Organikoa batzeko edukiontzi komunitariorik ez da izango, hortaz.
Ez. Gaiak bereizteko eginbeharra indibiduala ez bada, jendeak kolektiboki egiteko aukera badu, ardura ez da hain handia, konpromisoa albo batera uzten da eta jendeak ez du ondo sailkatzen. 

Eta errefusa? Sasietara eramaten da oraingoz; aurreikusten da etorkizunean erraustegi bat egiteko aukera?
Erraustegiaren kontua, guztiz ez, baina ia erabat baztertuta dugu, badagoelako beste aukerarik errefusa hori kudeatzeko. Errefusa hori, zabor baino, hondakin da oraindik, badituelako errekuperatu daitezkeen material batzuk. Eta geratzen den material horren toxikotasuna oso txikia da, eta, hala ere, badaude tratamendu  termiko batzuk egonkortzea eragiten dutenak, fardelen kasuan- eta duten toxikotasun txiki hori ere bertan behera uzteko. Hortaz, aurreikusten direnak dira zabortegi txiki batzuk errefusa hori batuko luketenak; baina garbi utzi beharra dago errefusa hori inertea dela, ez dela toxikoa, beraz, horiek ezingo direla inondik inora alderatu gaur eguneko hondakindegiekin. Izango litzateke inerteen hondakindegi bat.

Eta ikusten duzue hori  Debagoienean jartzeko aukera?
Aztertzen ari gara non jarri daitekeen hondakindegi hori, baina oraingoz ez dago horren gaineko erabakirik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak