"2.500 lagun Arrasaten, AHT gelditzeko arrazoiak badaudelako"

Goiatz Arana Begiristain 2011ko eka. 12a, 15:11

Abiadura Handiko Trenaren aurka dauden sektore sozial anitzen bilgune izatea zuen helburu atzoko –zapatua– manifestazio nazionalak; azpiegitura horren obrak geratu, gizarteari erabakitzeko eskubidea "itzuli" eta gaur egungo garraio eta lurralde antolaketa ereduaren gaineko eztabaida soziala irekitzearen alde dauden sektore guztiak mobilizatzea. AHT Gelditu! Elkarlanak deitu zuen eta erantzun zabala izan zuen; 2.500 pertsona batu zituen, antolatzaileen esanetan.

Aralarreko batzarkide Rebeka Ubera, Bilduko batzarkide Ander Rodriguez, ezker abertzaleko Niko Moreno, AHT Gelditu! Elkarlaneko Mila Elortza edota Zutik-eko Joxe Iriarte Bikila joan ziren manifestazio buruan, AHT gelditzera goaz! Tenemos razones para parar un tren zihoen pankarta eskuetan. Era baketsuan joan zen protesta ekitaldia. Sebero Altubetik atera eta herriko kaleak zeharkatu zituen; lehen manifestariak Aretxabaletarako bidean San Andreseruntz hartzen den tokian zihoazenean, esaterako, Udala plazan zihoazen oraindik azkenak. Ibilbidean zehar, bi pankarta eskegi zituzten, Txikitzaileak txikitu zihoena bat eta 4.790 euro bakotxak leloduna bestea.   

Bukaera Biteri plazan

Ibilbidea osatuta, Biteri plazan egin zuten amaiera-ekitaldia. Manex Agirrek eta Jokin Labaienek bina bertso bota zituzten. "Aramaion egindako apurketak  txikitu duten guztiaren lagin bat" direla esan zuen kantuan lehenak; eta Paparra jaitsi, patrikak hustu, ta eskatu barkamena / hori da herri honetan egin daitekeen obra onena kantatuz bukatu zuen bertso saioa bigarrenak.

Zapatuko manifestazioa AHTren kontra egiteko ez ezik, bestelako azpiegitura erraldoien kontra egiteko ere izan zen: Pasaiako superportuaren aurka egiteko, esaterako. Euskal Herrian ukitu gabeko kosta zati gutxi batzuk baino ez daudela eta horiek zaintzeko eskatu zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak