Ander Heriz: "Errugbiak poztasun asko eman dizkit; kirola baino gehiago, bizi izateko modua da niretako"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko mar. 1a, 15:21

Ander Heriz Arana (Arrasate, 1987) maletak egiten harrapatu dugu. Izan ere, martxoaren 4an, egubakoitza, hasiko du Australiarako bidaia. Errugbian jokatu eta bere burua ezagutzea da Herizen asmoa.

Arrasate taldekoa izan arren, Durangorekin jokatzen zabiltza. Zelan doa denboraldia?
Denboraldi hasieran bi taldeak elkartu egin ziren; hala, Arrasaten ondo genbiltzanek aukera izan genuen goian jokatzeko. Lau hasi ginen Durangon jokatzen. Beste maila bat da [ohorezko maila], eta igarri egiten da. Batez ere, aldea igartzen da jokalarien gorpuzkeran, fisikoan, jokatzeko eran, taktikan… talde dinamika ezberdinak dira. Gainera, ikusten duzu gainerako taldeetan jokalari erdi-profesionalak daudela, eta horrek asko motibatzen du.
Entrenamenduei dagokienez, zuzendaritzak erabaki zuen jokalari bakoitzak bere herriko taldean entrenatu beharko zuela; hortaz, Durangon entrenatzen hasi ginen arren, gaur egun Arrasaten entrenatzen gara. Hasiera baten, Arrasate elkarteko jokalariak gara, baina aste bukaeretan Durangon jokatzen dugu.

Lesio bat dela-eta errugbia utzi zenuen iaz, baina berriro hasi zara. Nola gogoratzen duzu lesio hura?
Joan den denboraldian, bizkarreko arazo batengatik utzi nuen errugbia. Trantsizio garaia izan zen. Kiropraktikoarenean hasi nintzen eta medikuaren laguntzarekin erabaki nuen berriz ere ekitea. Probatu dut eta ikusi dut, oraingoz, ondo doala.

Ligan ondo zabiltza, eta, gainera, Australiara joateko aukera duzu esku artean.
Erabaki dut orain ez badut egiten ez dudala inoiz egingo. Bidaiatzeko erabakia hartu dut, eta, gainera, errugbian jokatzeko aukera ere izango dut. Errugbia nire laguntza izango da. Bidaiatzeaz gain, nire burua ezagutzeko aukera ere izango dut.

Iker Elortza lehengusuak ze aholku eman dizkizu?
Aukera ona dela esan dit, eta aprobetxatzeko. Izugarri asetzen duela esan dit, eta errugbian asko ikasten dela. Kontuan hartu behar da Australian kirol nazionala dela errugbia; hemen futbola da.
Nahiko maila handia dago han; hortaz, han ikasi eta hona zerbait berriarekin etortzeko asmotan joango naiz.

Talde konkretu batera zoaz ala han ikusiko duzu zer egin?
Internet bidez taldeak bilatzen ibili naiz, eta dagoeneko talde batek bidali dit eurekin jokatzeko gonbidapena. Bestalde, Sydney inguruan badaukat lagun bat eta haren bitartez ere talde batekin harremanetan jarri naiz. Hara joandakoan nire burua aurkeztuko dut, eta onartuz gero geratuko egingo naiz eta bestela beste talde bat bilatu beharko dut.

Hango taldeak ze mailatakoak dira?
Talde asko daude, eta, beraz, liga asko daude. Ni hara noa ondo pasatzera, eta asmoa ez da talde amateur batean jokatzea, zerbait gehiago gurako nuke. Talde serio bat gurako nuke, izan ere nire asmoa ikastea da.

Noiz itzultzeko asmoa daukazu?
Martxoaren 4an hasiko dut bidaia. Hilabete Thailandian egongo naiz, bidaiatzen. Apirilaren 10a inguruan iritsiko naiz Australiara, eta asmoa da abuztua erdira arte han egotea errugbian jokatzen. Hona etorri eta fisikoki ondo egotea izango da asmoa. Bestalde, bidaia Zeelanda Berrian amaituko dut. Izan ere, aurten han jokatuko da munduko errugbi txapelketa, eta beste erakargarri bat izango da hori.

Nola hasi zinen errugbian?
Anaiak errugbian jokatzen zuen; hortaz, anaiak eta etxekoek animatuta hasi nintzen errugbian.
Egia esan, errugbia gozoki bat bezala izan da niretako, eta ezin izan dut utzi. Hainbeste poztasun ikusten dizkiot errugbiari… zelaian zaudenean, daukazun haserre guztiak botatzen dituzu. Bizitzeko filosofia ere bada.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak