Maialen Axpe: "Hogei salto on egiteko mila egin behar dira txarto, baina merezi du"

Xabier Urtzelai 2011ko mar. 2a, 12:41

Atletismoan, gutxien esperotakoan etortzen dira emaitzak. Gutxien esperotakoan, baina lanak ondo eginda daudenean, pertika saltoan ez dago-eta miraririk. Maialen Axpek (Arrasate, 1993), azterketak zirela-eta, Valentzian Espainiako txapelketa jokatzeari uko egin eta Euskal Herrikoan hustu behar izan zituen barrenak. Eta baita hustu ere: 3,82 metroko saltoa eginda 2007an Olatz Alkainek Sevillan egin zuen marka ondu zuen.

Azterketak tartean direnean zaila izaten da, ba, kirol mailari eustea.
Bai; ni ere harrituta geratu nintzen. Batzuetan, baina, gustura geratzeko izaten dugun beharragatik, azterketetako tentsioa kentzeko beharragatik edo dena delakoagatik, horrelakoak gertatzen dira, gutxien esperotakoan.

Momentuan jakin zenuen Euskal Herriko marka ondu zenuela?
Ez; beste barik, salto on bat egin nuela banekien, eta baita nire marka onena zela ere. Ondoren jakin nuen gazte mailako errekorra ondu nuela. Akaso, lehenago jakingo banu, presioagatik-edo, ez nuke horrelako saltorik egingo [Barre].

Eta hamabost egun barru, Espainiako txapelketa izango duzu, pista estaliko denboraldi amaiera.
Bai; ea txapelketa ona egiten dugun. Oraingo astean, azterketak amaitu eta Berlinera goaz ikasbidaian, baina formal ibiliko gara han, ez du merezi orain arte egindako lana parranda baten alferrik botatzea. Turismoa egiteko aprobetxatuko dugu.

Pista estalian ondo dabilenak aire zabalean ondo ibili beharko luke...
Bai, neguan egindako lanak balio du aire zabaleko denboraldia ondo hasteko. Gainera, neguan egindako marka on horiek motibatu egiten zaituzte aire zabalerako. Berez, pista estaliko denboraldia hastea gogorragoa izaten da, oporralditik etortzen gara-eta. Orain momentuan, lan handia dugu atzetik eginda.

Espainiako txapelketari begira, rankingean lehenengo postuan zaude. Selektibitatea egin eta ikasketak aukeratzeko ordua duzu orain; atletismoan aurrean ibiltzeko aukera duzula izateak badu erabaki horretan eraginik?
Pentsatzen dut baietz, baina ez aurrean ibil naitekeelako, pertika saltoan jarraitu nahi dudalako baizik. Orain arte nirekin batera egon den Lore Mar Bartzelonan dago, eta han ere badabil entrenatzen. Ni, baina, gustura nago hemen, entrenatzailearekin [Jonathan Perez] urteak daramatzat, ondo ezagutzen dugu elkar eta gustura nabil. Irakasle ikasketak egiteko asmoa dut, baina hemen geratuko naiz.

Horrenbestez, nahiz eta aurrean ibili, atletismoa zaletasuna baino ez da.
Bai, oso garbi daukat hori. Ondo pasatzen dudalako jarraitzen dut pertika saltoan, baina ondo pasatzearena berba egiteko modu bat da; izan ere, entrenamenduak gogorrak izaten dira eta denboraldian zehar asko sufritzen dugu. Kirol honetan hogei salto on egiteko mila egin behar dira txarto, baina hogei salto on horiek merezi dute lehenagotik egindako lan guztia. Dena dela, markak lortu ala ez, egindako saltoarekin gustura geratzea da garrantzitsuena, pauso bakoitza ondo egitea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak