Ibilbide aldaketarekin eta parte-hartzea altuagoa izateko esperantzarekin dator aurten Takarraran

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko ots. 23a, 16:23

Arrasateko Udalak, Aukeak eta Emakume Txokoak elkarlanean antolatutako Takarraran lasterketaren hirugarren edizioa aurkeztu dute. Bertan izan dira Maite Barrena Berdintasun teknikaria, Oihana Aranburu alkateordea, Yolanda Perez de Arenaza Aukeako lehendakaria eta Iratxe Aranburu Aukeako kirol teknikaria. Nobedade nagusia da ibilbideak luzera berdina izango duen arren (2.820 metro) 900 metro inguruko hiru itzuli izango dituela, eta herriko kale jendetsuenak zeharkatuko dituela. Leloak argi dio: Kalea gurea da!

Bihar hasten da izenematea eta martxoaren 10era arte egongo da zabalik: Emakume Txokoan, kiroldegian edo BAZen izenemate orria bete, besterik ez da egin behar. Eta egunean bertan, martxoaren 12an, lasterketa hasi baino ordu erdi lehenago ere eman ahalko da izena. Gainera, aurten parte hartzeko adina 14 urtetik 12 urtera arte jaitsi dute, eta beraz, neraberazoan sartzen hasi diren neskek ere lasterketa egin ahalko dute. Maila bakarra egongo da eta ez da kronometraje ofizialik egongo eta helmuga azken partaidea iritsitakoan itxiko da. Yolanda Perez de Arenaz Aukeako lehendakariak adierazi du parte hartzaile bakoitzak "bere erara" har dezala Takarraran lasterketa: "Ez dugu lehiaketa bat moduan planteatzen baina gura duenak lehiaketa moduan har dezake. Hau da, norbaitek iazko marka hobetu nahi badu, aurrera. Helburua, baina, parte hartzea eta bukatzen saiatzea da".

Bi asteko entrenamendu proposamena

Sasoiko ez dagoena uste duenarendako bi asteko entrenamendua prestatu dute antolatzaileek, iaz moduan. Iratxe Aranburu Arrasateko kirol teknikariak honela azaldu du: "Bi astetan egunez egun jarraitzeko planning-a da, edozeinek egin dezakeena eta lasterketa amaitzen lagunduko duena". Gonbita egina dago: helburua, emakumeek espazio publikoa hartzea –Kalea gurea da! ozen aldarrikatzea– eta kirola emakumeendako ere badela lau haizetara zabaltzea. Izan ere, emakumeendako ekimen herrikoia, errebindikatiboa eta jai giroan ospatzekoa da Takarraran lasterketa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak