Edurne Elkoro: "Azken 5 urteotan asko hazi den kirola da, gaur egun 120 gara Arrasate Dragoi taldean"

Ander Monedero 2011ko ots. 23a, 01:00

Edurne Elkorok (Arrasate, 1984) urte asko eman ditu Arrasate Dragoi taldeko gimnasta moduan. Orain, berriz, entrenatzaile lanetan dihardu. Otsailaren 5ean, Arrasateko Uarkape pilotatekuan bertako taldeak antolatutako txapelketan hasi zuten denboraldia. Bada, Elkororekin egon gara, horretaz gehiago jakiteko.

Zer da gimnasia erritmikoaz gehien gustatzen zaizuna?
Denetik lantzen den kirola dela. Oreka, malgutasuna edo gorputzaren espresioa asko lantzen den kirola da eta hori lantzeko zorroztasun handia behar da. Gainera, bizitzarako balio duten balioak erakusten ditu; adibidez, jendaurrera beldurrik gabe ateratzen jakitea.

Dantza eginez musika interpretatzen duzue. Inprobisaziorako lekurik badago gimnasia erritmikoan?
Orain dela urte batzuk gimnasia erritmikoak izandako aldaketa batzuen ondorioz, ezin da inprobisatu. Ariketa egin baino lehen gimnastek egin behar duten ariketa fitxa baten idatzita eman behar diote epaimahaiari. Fitxan idatzitakoa betetzen ez baduzu, gutxiago puntuatzen da.

Zer nahiago duzu: helburua finkatzea eta hori betetzea ala inprobisatzea?
Egia esan, ez dakit. Inprobisaziorako lekurik ez badago, ariketa oso landuta eraman eta ondo eginez gero, badakizu zein izango den zure puntuazioa. Eta kale egiten baduzu, badakizu non egin dituzun akatsak.

Zergatik eskatzen du zorroztasun handia gimnasiak?
Egiten ditugun ariketak jendeak uste duena baino askoz ere zailagoak direlako. Denok ezagutzen dugu espagata. Baina hori lortzeko malgutasuna asko landu behar da, ez da egun batetik bestera ikasten den teknika.  Horretaz aparte, orekari ondo eustea eta birak ondo egitea oso zaila da.

Gimnasta izatetik entrenatzaile izatera pasatu zara. Zer-nolako aldaketa da?
Kanpotik gauzak beste modu baten ikusten dira. Egiten dituzten mugimenduak zorroztasunez begiratzen dituzu, egiten dituzten akatsak identifikatzeko eta zuzentzen saiatzeko. Askotan, gimnasta izatea baino gogorragoa da entrenatzaile izatea.

Kirolariak motibatzea zaila da?
Kirol hau maitatzen laguntzea da gure helburu nagusia. Normalean, neskatila bat gimnasia egiten hasten bada, gustuko duelako da. Horrek asko laguntzen du, baina guk gimnasia egiteko zaletasuna handitzea nahi dugu. Gehienetan, lehiaketa baterako ariketak prestatzen direnean kirolariak asko motibatzen dira, helburu zehatz batekin lan egiten dutelako.

Bakarkako eta taldekako kirola da. Zeintzuk dira bien arteko desberdintasunak?
Biak lantzen ditugu. Normalean, gazteekin taldeka hasten gara eta, maila bat lortzen dutenean, bakoitzaren arabera da, batzuek bakarka hobeto egiten dute eta beste batzuek, berriz, taldeka. Biak egitea posible da, baina oreka hori behar da.

Nola ikusten duzu gimnasia erritmikoa Arrasaten?
Egoera onean dagoela uste dut. Azken 5 urteotan asko hazi den kirola da eta gaur egun 120 gara Arrasate Dragoi taldean.

Ez duzu bueltatzeko tentaziorik izan?
Txapelketetan tentazioa izaten dut. Gimnasiak ordu asko eskatzen ditu eta gaur egun, ez dut astirik. Hala ere, oso lan polita dan entrenatzaile izatea.

Duela astebete Arrasaten egindako txapelketa antolatu zenuten. Nola joan zen?
Ondo. Nahiz eta aurten, pilotalekuan izandako arazo teknikoengatik, bi egunean egin behar izan dugun txapelketa. Horrelako ekitaldiak antolatzeko, ikusten ez den lan asko egin behar da, eta, horretaz aparte, zure taldearen ardura eraman behar duzu.

Gimnasia egiteko elementuetatik, zein duzu gustukoen?
Denak; jendeak zinta du gustukoen, elementurik ikusgarriena delako, baina baita zailena ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak